Protagonismoa hartuko du literaturak aste honetan, Erribera kulturgunean. Gaur bertan egingo dute abenduko literatur solasaldia, gaztelaniaz: Juan Villoro idazlearen Dos amores perdidos liburuari buruz ariko dira, Jorge Carrerok gidatuta, arratsaldeko 19:30etan hasita. Gazte zein helduentzako modukoa izango da solasaldia.
Bihar segiko dute liburuei buruzko saioekin, hitzordua jarri baitu Irakurketa Klubak, 19:30etan baita ere. Maddi Ane Txoperena idazlearen Ene baitan bizi da liburuaren ingurukoa izango da oraingoa, eta Isabel Etxeberriak gidatuko du saioa. Ohi bezala, irekia eta doakoa izango da partehartzea.
Txiki Klubaren saioa gaur, internet bidez
Bestalde, Txiki Klubaren saioa ere izango da gaur bertan; baina liburutegian beharrean, internet bidez egingo dute. Mestiza elkarteak gidatuta, 0-5 urte bitarteko haurrentzat izango da, 17:00etan hasita. 12 haurrentzako egongo da tokia, eta gonbidapenak aldez aurretik eskatu behar ziren, liburutegian.