Emakumeon Plaza berritua eta mural «indartsua» argitara, gaur eguerdiko ekitaldi bereziarekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 13a, 00:00

Plazaren inaugurazioa egingo dute 12:00etan, talde eta eragile askoren partehartzearekin: Astigar Dantza Taldea, Txirrisklako txistulariak, Nagore Legarreta argazkilaria, herriko talde feministak, Izarne Zelaia, Inma Aramburo...

Herriko emakumeek kaleak eta plazak hartzeko asmo horretan, pauso berri bat emango dute gaur Astigarragan. Oso pauso be­rezia, gainera: Emakumeon Plaza berritua inauguratuko dute, eta horrekin batera, baita bertan jarri duten mural «indartsua» ere. Eguerdiko 12:00etan izango da inaugurazio ekitaldia, herriko talde eta eragile askoren partehartzearekin: Astigar taldeko dantzariek eta Txirrisklako txistulariek eskainiko du­te agurra; prozesua nolakoa izan den azalduko du Aintzane Ba­ran­diaran berdintasun zine­gotziak, eta bideo batekin, obren garapena ere erakutsiko dute; muralaren diseinua azalduko du Nagore Legarretak; dantza garaikidea eskainiko du Uxuri Irastorzak, Inma Aramburoren biolin doinuen laguntzaz; hitza hartuko dute herriko talde feministetako kideek; Izarne Zelaiaren bertsoei musika jarriko diete Aramburok eta Barandiaranek; eta Konplize ditut eta abestia kantatuko dute herriko zenbait emakumek.

Plazaren itxura berrituaren erdigune, muralak hartuko du protagonismoa. 45 metro da luze, eta 2,7 metroko altuera dau­ka. Aterpearen atzeko paretan jarri dute, kristalean serigrafiatuta, eta irudi konposaketa bat da; baina ez nolanahikoa: 140 emakume astigartarren irudiak bildu zituen Nagore Legarretak, hainbat argazki saiotan, haien gorputz jarrerak erretratatuz; eta horiekin diseinu bat sortuta, osatu du murala.

Murala bera bezala, berezia izango da inaugurazio ekitaldia ere, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte ongietorria ematera, herriko emakumeen elkargune izan nahi duen plazari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!