Upelio eguna ospatuko da gaur eta bihar

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 12a, 00:00

Skabidean taldearen kontzertua izango da gaur 19:30etan; eta bihar, Barrexerka umorezko antzerkia, 20:00etan. 

Erribera kulturgunean ospatuko dute Upelio eguna aurten. Gainerako ekitaldien moduan, urte berezia izan denez, astigartarrek ezin izan dute ohi moduan egin gaurkoa. Hala ere, bi egun hauetarako zeregina antolatu dute: gaur Skabidean Iruñeko ska taldearen kontzertua izango da arratsaldeko 19:30etan eta bihar, berriz, Barrexerka umorezko antzerkia. Gazte Asanbladak eta Astigarragako Udalak elkarlanean antolatu dituzte asteburuko ekintza horiek.

Pasa den asteartean jarri zituzten salgai bi emanaldietarako sarrerak, Joseba Barandiaran plazan. Hala ere, bertaratzeko aukera izan ez zutenek, badute oraindik aukera antzerkira eta kontzertura joateko. Izan ere, Erribera kulturgunean ere erosi daitezke sarrerak. Horretarako, emanaldia baino ordubete lehenago joan behar da leihatilara; edo, bestela, online erosteko aukera ere badago, www.astigarraga.eus webgunean. Skabidean ikusteko 5 euroan dago salgai sarrera eta umorezko antzerkirako, berriz, 2 euroan. Dena den, biak ikusteko gogoa dutenek merkeago erosi ahal izango dute pack moduko batean, 6 euroren truke.

Barre tourra dela eta, Barrexerka taldeak Hernanin ere egingo du geldialdia abenduaren 18an. Biterin izango da emanaldia, arratsaldeko 19:30etan.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!