Emakumeona izango da bihartik, inoiz baino gehiago, argazkiz jantzitako plaza berritua

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 12a, 00:00
Estalpearen atzeko aldean jarri dute, emakume astigartarren argazkiekin osatutako murala.

Emakumeon Plaza inauguratuko dute bihar, eguerdiko 12:00etan, ekitaldi berezi batekin. Obrak bukatuta, eta emakume astigartarren argazkiekin osatutako muralarekin, erabat itxuraberrituta ageri da plaza.

Egun berezia izango da biharkoa astigartarrentzat; eta bereziki, herriko emakumeentzat. Izan ere, Emakumeon Plaza berritua inauguratuko dute eguerdiko 12:00etan, ekitaldi batekin. 


Bertan, agurra eskainiko du­­te Astigar taldeko dantzariek eta Txirrisklako txistulariek, ekital­diari hasiera emateko. Ondoren, plaza berritzeko prozesua no­lakoa izan den azalduko du Ain­tzane Barandiaran Berdintasun zinegotziak; obren garapena erakusten duen bideoa jarriko dute ikusgai; eta muralaren diseinua azalduko du Nagore Legarreta argazkilari eta sortzaileak. Plazaren berrikuntzek badutelako zer azaldua eta zer kontatua, hain zuzen ere.


Duela bi urte jarri zuten martxan proiektua, eta azkeneko hilabeteotan «haizea alde izan ez dugun arren», eutsi diote proiektuak sortu duen «ilusioari», eta baita aurrera egin ere. Horren emaitza da, bihar herritarrek ikusi ahal izango dutena: «herriko emakumeen bilgune eta indarleku sinbolikoa osatu du­gu, eta proiektuari errematea jarri diote Nagore Legarretak eta herriko 140 emakumek, mural indartsua eta berezia osatuz».

45 metroko murala, herriko emakumeen argazkiekin
2017an jarri zioten Emakumeon Plaza izena, eta hurrengo urte­an, partaidetza prozesua abiatu zuten, plazaren eraberritze lanei buruz. Herritarren iritzi eta eskaerak bilduta idatzi zuten obra proiektua, eta bertan dagoen pareta batean, mural baten beharra ikusi zuten. «Eta noski, Emakumeon Plazako parte zela ikusita, irudiak emakumeekin lotutakoa behar zuen».


45 metro da luze pareta, eta 2,7 metroko altuera dauka. Eta oso-osorik, muralarekin estali dute orain: herriko 140 emakume horien argazkiekin osatu du Nagore Legarretak. Horretarako, argazki saio ugari antolatu zituen, eta horietan bildutako irudiekin egin du muralaren diseinua. Ondoren, beirazko panel haundietan serigrafiatu dute, murala bera.


Adin, joera, jatorri eta sentsibilitate ezberdinetako emakumeek hartu dute parte, eta beraien gorputz jarrerak dira protagonista, muralean. «Emakumeen indarrak dituen aldaera ezberdinak ikusarazi nahi izan dira diseinuan: emakumeen askatasuna, aukeratzeko gaitasuna, emakumeen indar intelektuala zein fisikoa, emakumeon erabakitzeko gaitasuna, ahalduntzea, mugak jartzeko gaitasuna, elkar babestekoa, irribarre edo dantza egitekoa...», nabarmendu dute.


Muralaren erdigunean, gainera, irudi deskriptiboetatik abs­traktuagoetara egiten du: «iru­diak eramaten gaitu emakume multzo baten artean murgiltzera. Kolore ezberdinetako beso multzo bat ikusten da elkar korapilatuta, eta irudiak bertako parte izatera eramaten zaitu. Beso horiek dira, Astigarragako eta mundu osoko emakume guztien sinbolo», azaldu dute.

Emakumeak, elkarren konplize
Azalpenen ondoren, musikari, abestiei, bertsoei eta dantzari egingo diete tokia. Inma Aramburoren biolin doinuei segika, dantza garaikidea eskainiko du Uxuri Irastorzak; Izarne Zelaiaren bertsoei, musika jarriko diete Aramburuk berak eta Aintzane Barandiaranek; eta Konplize ditut eta abestia kantatuko dute herriko zenbait emakumek. Eta tartean, hitza hartuko dute he­rriko talde feministetako kideek. Elkarren konplize direlako, eta horretarako gune aproposa izango dutelako aurrerantzean: inoiz baino gehiago, emakumeona izango den plaza.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!