Ipuin kontaketak internet bidez, gaurtik

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 9a, 00:00

Maite Mutuberriaren ilustrazioa, 'Moko Txiki' ipuinean. Bihar kontatuko du online, Lur Kortak.

Baby Klubaren saioa izango da gaur, eta 'Moko Txiki' kontatuko du Lur Kortak bihar, liburutegiak YouTuben daukan kanalean.

Itxita dago Erribera kulturguneko liburutegia, eta ez dira bertan elkartuko haurrak, baina ipuin kontaketarik gabe ere ez dira geratuko, egun hauetan. Izan ere, internet bidezko saioak antolatu ditu Astigarragako liburutegiak, YouTuben dau­kan kanalaren bitartez.

Gaur izango da aurreneko saioa, Baby Klubari zuzendutakoa, Mestiza elkartearen eskutik. 0-3 urte bitarteko haurrentzako saio bat jarriko dute egunean zehar, YouTuben.

Bihar, berriz, Moko Txiki ipuina kontatuko du Lur Kortak. Arratsaldeko 17:00etan izango da, hori ere liburutegiaren YouTubeko kanalean. Leire Bilbaok idatzita eta Maite Mutuberriaren ilustrazioekin, moko txikia daukan txori txiki bat eta hipopotamo bat dira protagonista: hipopotamoaren bizkarrean bi­zi da txoria, eta bien garapena nabarituko du irakurleak.

Eta azkenik, internet bidez eskainiko dute Txiki Klubaren saioa ere, abenduaren 14an. 0-5 urtekoei zuzenduta, 12 haurrentzat izango da tokia, eta zuzeneko saioa egingo dute, Mestiza elkartearen eskutik. Horretarako, gonbidapenak eskatu behar ziren aldez aurretik, liburutegian bertan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!