Hilabetero egiten den moduan, Astigarragako Gaztelekuak abendurako plangintza argitaratu du. Egitarau zabala antolatu dute, eta makina bat ekintza egiteko aukera egongo da hilabete osoan. Aste honetan, ping-pongean arituko dira ostiralean, gaztelekua apainduko dute larunbatean, eta skate pistara joango dira larunbatean. Hala ere, arduradunek jakitera eman dutenez, azken hori baieztatzeko dago oraindik.
Abenduaren 14an itxita egongo da, baina aste horretarako ere ekintza bereziak prestatu dituzte. Hilak 18an dardoetan arituko dira eta 19an, berriz, Santo Tomas eguna ospatuko dute. Azkenik, asteari amaiera emateko, xake topaketa egingo dute, bertaratzen diren gazte guztien artean.
Zeinu-hizkuntza, 'hi selfie', zunba eta skate pista
Abenduko laugarrena da egitasmo gehien antolatu dituzten astea. Hilak 22an skate pistara joango dira eta 23an, aldiz, hi selfie joko dibertigarrian arituko dira herrian barrena. Ondoren, abenduaren 24an eta 25ean, jaieguna izango da gaztelekuan, baina asteburuan indartsu bueltatuko dira. Hilak 26an zeinu-hizkuntza ikasteko tailerra egingo dute eta igandean zunbarako txanda helduko da.
Azkenik, urtea ixteko, abenduaren 28an inuxente eguna ospatuko dute eta 30ean kamisetak kustomizatuko dituzte.