Abenduko kultur-agendarekin hamaika egiteko, herriko haurrek zein helduek

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 7a, 00:00

Herritarrak batukada tailerrean, herri eskolako aretoan.

Egitasmo ugari antolatu dituzte Astigarragan, urtea amaitzeko. Adin guztietarako prestatu dituzte kultur ekintzak: antzerkiak, musika emanaldiak edota argazkilaritza tailerrak egiteko aukera izango da, beste dinamika askoren artean. 

Urtea amaitzear dago eta Astigarragan amaiera borobila eman nahi diote 2020ari. Kultur ekintza ugari antolatu dituzte abendurako, eta dagoeneko martxan dira zenbait egitasmo. Aztifemiak taldeak antolatuta, joan den ostiralean batukada tailerra izan zen Herri eskolako areto nagusian, eta arratsalde ederra izan zuten ikastarora bertaratu ziren emakume guztiek. Esan bezala, adin guztientzako plangintza egin du Astigarragako Udalak beste hainbat talde, elkarte eta norbanakoekin elkarlanean. Hori horrela, abenduaren 30era arte izango da, gutxienez, ongi pasatzeko tartea herrian. Egunaren arabera, ema­naldiak, ikastaroak eta tailerrak, solasguneak eta elkarguneak, lehiaketak, erakusketak edo ospakizunak izango dira.

Antolatutako zenbait ekintzetarako beharrezkoa izango da aldez aurretik sarrera eskuratzea. Horretarako, Erribera kulturgunean emanaldiaren astean zehar eskuratu behar da, edo, egunean bertan, ordubete lehenago. Online eroste aukera ere badago, Udalaren www.astigarraga.eus webgunean. 

Bestalde, COVID-19a dela eta, hainbat neurri hartu dituzte Erriberako ikuskizunetan. Hori horrela izanik, aforoa mugatuko da, sarreretan eta irteeretan gezien norabidea jarraitu beharko da, maskarillaren erabilera ezinbestekoa da eta beharrezkoa da txartelean adierazitako eserlekuan esertzea, eta ahal dela ez altxatzea emanaldiak iraun bitartean.

Antzerkiak, tailerrak eta Upelio eguna, aste honetan

Asteazkenean, ostegunean eta abenduaren 14an ipuin-kontalariak eta ipuinen irakurketak izango dira etxeko txikienentzat. Asteazken honetan baby kluba izango da 0 eta 3 urte bitarteko haurrentzat. Ostegunean, berriz, Leire Bilbaok idatzitako ipuina kontatuko die Lur Korta ipuin-kontalariak. Bi saio horiek liburutegiko YouTube kanalean jarraitu ahal izango dira. Azkenik, abenduaren 14an 0 eta 5 urte bitarteko haurrentzako saioa prestatu dute.
Gainera, aste honetan argazkilaritza tailerra izango da bi egunetan: asteazkenean arratsaldeko 18:30etan eta ostegunean, berriz, goizeko 09:30etan. Eta astea ezin hobe amaitzeko, Upelio eguna ospatuko dute asteburuan. Larunbatean Skabidean taldearen musika emanaldia izango da Erribera kultur gunean;  eta igandean, aldiz, Barrexerka umorezko emanaldia.

Agendaren unean uneko informazioa, WhatsAppean

Interesa dutenek kultur-agendaren momentuko informazioa WhatsApp bidez jaso dezakete. Horretarako, 636 890 159 telefono zenbakira idatzi beharko dute, eta antolatzaileek bidalitako mezuak jasoko dituzte. Beraz, edozein aldaketa egonez gero, segituan izango dute horien berri.   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!