Upelio eguna dela eta, 2 ikuskizun antolatu dituzte datorren astebururako

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 6a, 00:00

Skabidean Iruñeko ska taldearen kontzertua izango da larunbatean eta igandean, berriz, Barrexerka umorezko antzerkia.

Abenduko kultur-agenda zabala antolatu dute Astigarragan eta, horrekin, bi emanaldi izango dira datorren asteburuan. Gazte Asanbladak eta Udalak elkarlanean antolatu dituzte, eta dagoeneko eskuragai daude sarrerak. Larunbatean Skabidean Iruñeko Ska taldearen kontzertua izango da Erribera kulturgunean, arratsaldeko 19:30ean. Sarrerak 5 euroan daude salgai eta, gehienez ere, pertsonako 3 erosi ahal izango dira. Horiek eskuratzeko hiru modu daude: asteartean, Gazte Asanbladak Joseba Barandiaran plazan jarriko duen postuan (17:00etatik 19:00etara bitartean, edo, sarrerak agortu arte); Erriberan bertan, ohiko ordutegian; edo, bestela, www.astigarraga.eus helbidean. Igandean, berriz, Barrexerka umorezko antzerkia izango da.  Horretarako, sarrerak ere aldez aurretik aipatutako moduetan eskuratu daitezke, 2 euroren truke. 

Bi emanaldiak, 6 euroan

Datorren asteburuko ikuskizunetarako sarrerak erosi daitezke banaka, edo, biak batera. Kontzerturako sarrerak 5 euroan daude salgai eta antzerkikoak, aldiz, 2 euroan. Hala ere, Udalak eta Gazte Asanbladak bi ikuskizunak 6 euroan ikusteko aukera eskaintzea erabaki dute. Beraz, biak ikusteko interesa dutenek, euro bateko deskontua jaso ahal izango dute, bi sarrerak batera erosiz gero.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!