Joan den martxoan hasi ziren Astigarragako Emakumeon plazako urbanizazio lanak egiten eta dagoeneko amaitu dituzte obrak. Datorren larunbatean izango da inaugurazioa, abenduaren 13an, eguerdiko 12:00etan. Aurrez, bertako murala osatzeko parte hartu duten emakumeen argazki saioetako proiekzioa egingo da Erribera Kulturgunean. Hitzordua abenduaren 10ean da, ostegun honetan, arratsaldeko 18:00etatik aurrera.
Udalak jakinarazi duenez, murala osatzeko argazki saioetarako deialdiak sekulako erantzuna izan zuen Astigarragako emakumeen partetik, «Udalak zituen parte hartze espektatibak gaindituz». Hori dela eta, argazki saio ugari antolatu ziren eta irudi eta momentu eder ugari sortu. Hori horrela, proiektuan parte hartu duten emakumeei esker ona adierazi eta irudiak partekatzeko, ostegun honetako argazki proiekzioa antolatu da. Horrez gain, Udalak, oroigarri moduan, proiektu honetan parte hartu duten emakume bakoitzari saioko irudi bana emango dio bueltan, herriko Pastain argazki dendan inprimatutakoa.
Gainera, Udalak zaintza zerbitzua eskainiko du egun horretan. Abenduaren 7ra arte (barne) eskatu daiteke. Interesa dutenek alkatetza@astigarraga.eus helbidera idatzi behar dute.
Gonbidapenak, eskuragai
Ekitaldia argazki saioetan parte hartu duten emakumeei dago zuzenduta, eta interesa dutenek gonbidapena aldez aurretik eskuratu beharko dute. Eskuragai daude jada, Erribera kulturguneko sarreran, ohiko ordutegian. Proiekzioko bezpera, abenduaren 9a, da gonbidapenak eskuratzeko azken eguna. Beraz, bihar eta asteazkenean eskuratu daitezke gonbidapenak, ordutegi honetan: goizeko 09:00etatik 13:00etara bitartean eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.