Gabonetako ohitura zaharrak berreskuratuko dira Astigarragako Sagardoetxean, 4 egunez

Kronika - Erredakzioa 2020ko abe. 3a, 00:00
Gabonetako zuhaitza modu berezian apaintzeko aukera izango dute herritarrek.

Gabonetako giroan murgiltzeko asmoz, abenduko zubian herritarrek pinua antzinan bezala sagarrekin eta kandelekin nola apaindu ikasteko aukera izango dute. Sagardoetxean izango da, larunbatetik asteartera arte. 

Aurtengo gabonak ez dira ohi moduan ospatuko. Hala ere, Astigarragako Sagardoetxeak pro­posamen berezi bat egin du:  larunbat honetatik hasita datorren asteartera arte gabonetako ohitura zaharrak berreskuratuko dituzte. Astigartarrek aukera izango dute gabonetako pinua antzinan egiten zen moduan, sagarrekin eta kandelekin apaintzeko. Gabonetarako motorrak berotuko dituzte lau egunez: urte berrirako dituzten desioak zintzilikatu eta kandelak piztuko dituzte, gainerako herritarrekin batera.
Hori horrela, herritar zein familiei, Sagardoetxeara gerturatzeko eta gabon giroko usadio honetan parte-hartzeko gonbidapena luzatu diete antolatzaileek. «Gabon giroan» egoteko aukera ezinhobea izango dute bertaratzen diren guztiek. «Batez ere familiei bideratuta dago, baina edonor etorri daiteke gurera, noski», esan dute bertakoek.
Pinuak sagarrekin eta kandelekin apaintzeko jatorri alemaniarra duen kristau usadio honek 1.400 urte baino gehiago dauzka, eta Sagardoetxean hori bera egingo dute, larunbatetik hasita. Jatorriz, pinuak sagarrekin (tentaldiaren ikurra) eta kandelekin (argiaren ikurra) apaintzen ziren. Denborarekin, berriz, sagarrak eta kandelak aldatu dira bolengatik, argiengatik eta beste apaingarri batzuengatik. Gainera, haurrei opariak uzteko usadioa gehitu zaio aurretik aipatutako aldaketa guzti horri.

Abenduaren 5ean, 6an, 7an eta 8an izango da  
Ekimena 4 egunetan egingo da Sagardoetxean. Lau egun horietan 11:00etatik 13:30etara bitartean egingo dute jarduera, eta abenduaren 5ean eta 7an 16:00etatik 18:00etara ere izango dira. Jarduera doakoa da, eta ez da beharrezkoa aldez aurretik izena ematea.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!