«Saihestu dugu EH Bilduk gehiago inbertitzea jaietan, COVIDaren aurrean baino»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 28a, 00:00

EAJ-PNVk adierazi du, berak aurkeztutako emendakinei esker haunditu dela pandemiaren aurreko dirulaguntza partida. 

2021eko Udal Aurrekontuaren kontra bozkatu zuen EAJ-PNVk, Plenoan; eta kritiko azaldu da, EH Bilduren Udal Gobernuarekin: «guk aurkeztutako emendakinei esker, lortu dugu nabar­men haunditzea COVID-19aren pandemiari au­rre egiteko diru­laguntzen partida, merkatariei, ostalariei, behar be­reziak dauz­katen fa­miliei edo bes­te zerbi­tzuei bidera­tzeko­. PSE-EEk ere aur­keztu zu­en emendakina, ildo beretik», adierazi du.

Alderdi jeltzaleak nabarmendu du, 60.000 euroko partida bideratu nahi zuela EH Bilduk, pandemiari aurre egiteko dirulaguntzetara: «oso kopuru exkaxa da, kontutan hartuta jaietarako partida 70.000 eurokoa zela. Zentzugabea da, pandemia garai honetan, aurrekontuetan inbertsio haundiagoa ja­sotzea festetarako eta aisialdirako», kritikatu du EAJ-PNVk.

Horren aurrean, emendakin bana aurkeztu zuten EAJ-PNVk eta PSE-EE, ildo beretik, eta azkenean, 100.000 euroko partida jaso dute 2021eko Udal Aurrekontuan, dirulaguntza horietarako, «EH Bilduren Udal Gobernuak aurreikusitakoa baino 40.000 euro gehiago».

Eta jaietarako partidan ere, aldaketa izan dela nabarmendu du EAJ-PNVk: «70.000 eurotik, 50.000 eurora murriztu da. Uste dugu proportzio hori askoz ere hobeto egokitzen dela egungo errealitatera. EAJ-PNVren esku hartzea ezinbestekoa izan da, 2021eko Udal Aurrekontuak zentzua izateko», adierazi du alderdi jeltzaleak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!