Joan den asteartean onartu zuen Astigarragako Udalak, Plenoan, 2021eko Udal Aurrekontua. Hasierako onarpena eman zioten, EH Bilduren aldeko botoekin, PSE-EEren abstentzioarekin eta EAJ-PNVren kontrakoekin; eta iazkoa baino %1,83 txikiagoa izango da: 9.516.363,79 eurokoa da, guztira; eta barnean hartzen ditu Udalaren aurrekontua, Astigarraga Lantzenena, eta Sagardun Partzuergoarena.
Urriaren 27ko Ogasun Batzordean aurkeztu zuen aurrekontu proposamena, Udal Gobernuak, «herritarren proposamenak jaso ondoren»; eta hortik aurrera, udal taldeek izan zuten aukera, ekarpenak egiteko. Aurkeztutako emendakinetatik, batzuk txertatu dira, Plenoak onartu duen aurrekontuan. «PSE-EEk aurkeztutako emendakin bakarra partzialki onartu da; emendakinaren %78,2, hain justu. Eta EAJren emendakinak ere partzialki onartu dira: 210.000 euroko proposamenetik, 40.000 euro zuzenean txertatu dira, eta beste 80.000 euro zeharka. Gainera, horiek guztiak onartu ahal izan dira, EAJk berdintasun, partehartze, ingurumen eta etxebizitza politiketan proposatzen zituen murrizketak gauzatu gabe», azaldu du Udal Gobernuak.
Gastuak areagotu eta sarrerak murriztu, pandemiak
Udalak azaldu du, pandemiaren testuinguruak «diru-sarrerak murriztu eta hainbat gastu areagotu» dituela; besteak beste, garbiketa eta desinfekzioa, prebentzio neurriak, eta pandemiaren ondorioei aurre egiteko dirulaguntzak.
Hori horrela, 2021eko Udal Aurrekontua osatzeko, hainbat gastu partida murriztu behar izan dituzte, inbertsioetarako partidak bereziki (666.299,55 euro bideratu dira inbertsioetara); baina era berean, «ahalegin berezia» egin dute, gizarte arloko partidak indartzeko: Gizarte Zerbitzuak, COVID-19aren aurreko laguntzak, enplegua, berdintasuna, kultura... Eta horrekin batera, hainbat zerbitzuren kontratuen gastu partidak haunditu ditu, «kale garbiketarena eta lorezaintzako mantentze lanena bereziki», udalerriaren haunditzeari erantzuteko.
Sailez sail hartuta, honakoak dira igoera haundiena izango dutenak, 2020ko aurrekontuaren aldean: Hirigintza, Ingurugiroa eta Etxebizitza (%25,91ko igoera); Kultura, Gazteak eta Jaiak (%31,71); Berdintasuna eta Enplegua (%20,24); eta Gizarte Zerbitzuak (%14,96).
Hainbat obra egiteko partidak, aurreikusita
COVID-19ak eragindako krisiari aurre egiteko, 103.950 euroko partida jaso dute aurrekontuan; eta 30.000 euroan haunditu dute larrialdi-laguntzena. Obrak eta Zerbitzuak sailean, igoera nabarmena izan dute kale garbiketa zerbitzuak (%75) eta lorezaintzakoak (%60). «Zerbitzu horietako beharrak nabarmen haunditu dira, hiritartutako herriko azalera haunditzearekin batera. Eta bestetik, zerbitzuaren kalitatea hobetzeko emango da salto kualitatiboa».
100.000 euroko partida bat ere jaso dute, komun publikoetarako: Portutxon eta Foru Plazan jarriko dute komun bana, Arrobitxuloko lokalekoari sarbidea egingo diote kanpotik, eta ermitako komunak berrituko dituzte, aurreratu dutenez.
Kultura arloko igoera, berriz, Erribera kulturgunearen kudeaketa gastuei dagokie. Eta gainerakoan, ohiko programazioarekin jarraitzeko behar adinako aurrekontua onartu dute.
Kirol arloan ere onartu dute aurrekontua, ohiko jarduera ziurtatzeko; eta inbertsioena da gutxitu dena: «iaz bereziki partida haundia izan zen, kiroldegian eta igerilekuan egokitzapenak egin eta frontoia berritzeko».
Auzoetako obretarako ere gorde dira partidak: Perurenako auzo lokalaren aurreko bidearen proiektua idazteko; Ergobiko plazako egokitzapenak egiteko (67.000 euro); Oialumen ur zikinen estolderia konpondu (24.000 euro) eta Sagardotegi Zearran saneamendu-sarea eraikitzeko (30.000 euro); eta herri bideak konpontzen eta hobetzen jarraitzeko (150.000 euro).
Diru sarreren arloan, %10 gutxiago jasoko du Udalak Aldundiaren Foru Funtsetik, pandemiaren eraginez. Eta horrela, inbertsioetarako «gaitasun gutxi» izango du Udalak 2021ean. «Nolanahi ere, datozen hilabeteotan gauzatuko dira, 2020ko aurrekontuko inbertsio garrantzitsuak: Haurreskola berria, Santiomendi hiritartzeko obrak, Arrobitxuloko igogailua...».