«Hamar urte hauetan, gurekin egon diren haiek dira dokumentaleko protagonistak»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 28a, 00:00
Beñat Bengoetxea, Martin Alvarez eta Manex Alberdi bateria jolearen herrian, Astigarragan.

Hamar urteko ibilbidea egin du The Bobby`s taldeak, eta bidean gainditutako oztopoez gain, barrez lehertzekoak diren hainbat momentu ere elkarbanatu dituzte taldekideek Kronikarekin.

The Bobby's taldeko Beñat Bengoetxea eta Martin Alvarez, Oreretakoak dira; aldiz, Manex Alberdi astigartarra dugu. Hiru taldekide gazteek, taldeak bizitako hamaika istorio eta abentura kontatu dituzte. 

 

Zer sentitzen da hamar urteko ibilbidea egin duzuela jakitean?

Beñat Bengoetxea: 10 urtek asko esan dezakete talde batez, eta nik behintzat ilusioz hartu ditut. Azkenean gure bizitzako parte haundi bat pasa dugu taldean, beste gauza asko utzi ditugu alde batera taldearekin aurrera jarraitzeko. Musika beti izan dugu gustuko, eta erabaki genuen talde bat egitea. Inongo intentziorik gabe, bertsioak joz, eta gu ere gustura egoteko. Aurrerago ikusi genuen, proiektu honekin aurrera jarraitu nahi genuela eta serio hartu genuen. Eta esan bezala, 10 urte ez dira gutxi, ilusioz betetzen dira. Ez gara konturatu hamar urte pasa direnik egia esan.

Martin Alvarez: Niri pertsonalki ez dit inongo ilusio espezialik egiten. Hori bai, hamargarren urteurren honen aitzakia hartuta, dokumentala egin dugu. Jendearekin elkartu gara, eta esan bezala, aitzakia bat da, aurrera jarraitzeko.

Beñat: Beste hainbat taldeen moduan, gorabehera asko izan ditugu, joan etorri asko egon dira gure taldean. Bi edo hiru geldialdi egin ditugu hamar urte luze hauetan, taldekide aldaketak egon dira, baina tira, Martinek esan bezala aurrera jarraitzeko indarra eduki dugu.

Manex Alberdi: Nire ustetan, hamar urte asko dira, oztopo asko izaten dituzte taldeek, eta hauek gainditzea ez da erraza. Nik uste dut, 10 urte hauen atzean meritu haundia dagoela eta zoriontzekoa dela, ibilbide honetan egin dutena eta egin duguna.

Martin: Niri hainbat oroitzapen datorzkit burura, hamar urteetan zehar izan ditugun kontzertuak eta momentuak, hain zuzen. Asko ikasi dugu, eta oraindik asko daukagu ikasteko.  Asko gogoratzen naiz koadrilaz, azkenean hasieratik, taldea sortu zenean, denak koadrilakoak ginen. Eta momentu hauetaz beti gogoratuko naiz.

Beñat: Koadrilak asko lagundu digu, beti egon dira gurekin eta oraindik ere hor jarraitzen dute.  Buru-makur geundenean, taldea uztea pentsatu genuenean, lagunek aurrera jarraitzeko esan ziguten, eta horregatik gaude hemen, haiengatik jarraitzen dugu The Bobby´s izaten, nolabait.

 

Totem aretoan jotako kontzertu batean.

 

Nola sortu zen The Bobby`s taldea?

Martin: Musika gustuko genuen,  eta Beñatek ATP taldean jotzen zuen. Gaztetxeetan ibiltzen ginen, tokia eta materiala zegoen. Bertan elkartu ginen, bertsio batzuk jotzen hasi ginen batere planifikatu gabe, gustura jotzen genuen, eta hortik aurrera erabaki genuen ensaioak egitea, eta apurka-apurka talde bat sortzea.

Beñat: Lagun artean, oso gustura jotzen duzu, esan daiteke nahi gabe ere gauzak ateratzen direla. Eta horrez gain, denbora geneukan, ez genuen beste gauza haundirik egiteko, eta hortik sortu zen, denborapasa soil gisa. Hasiera batean bertsioak egiten, eta aurrerago zerbait sortzeko gogoekin.

 

Hiru diska kaleratu dituzue. Zer moduzko bilakaera eduki dute?

Martin: Musikalki, beste taldeek bezala, hasieran makarragoak ginen, eta denborarekin musikan sakontzen duzu.

Beñat: Esperientzia gehiago hartzen duzu, eta pertsonalki ere musika gehiago entzuten duzu, eta badituzu erreferenteak edo. Gainera, beti barnetik atera zaiguna egin dugu, esan nahi dut, ez dugula inoiz abesti bat sortu publikoaren araberakoa, gure gustuetan eta estiloan oinarritutakoa baizik.

Martin: Beñatek esan duen moduan, ez ditugu publikoaren araberako abestiak egin, bilatu duguna izan da, erreferentzia Barduliakoa. Gure estiloan egin ditugu beti abestiak eta kontzertuak, ildo horri helduz. Barduliako musika entzuten dugu; beraz, horri eutsi diogu. Influentzia hauetan pentsatuz sortu genituen hainbat abesti. Nahiz eta gero urteekin aldatu.

 

The Boby`s taldea duela 7 urte, Kelly tabernan, 2013ko abenduaren 14ean hain zuzen. Argazkia: Pelukas
 
 

Manex, zu zara taldekide berriena, nola sartu zinen taldera?

Manex: Azkeneko diskoa atera zutenean, Ispilura begira aurkezpen bat egin zuten. Eta egun berean, parrandan,  Urkorekin topatu nintzen, garai hartako bateria zena, Añorgakoa. Esan zidan zalantzak zituela, azkenean bi taldeetan jotzen zuen, bat The Bobby´s eta bestea Orreaga. Eta nik momentu hori aprobetxatu nuen esateko aspalditik jotzen nuela bateria, eta ilusioa egiten zidala talde baten parte izateak, eta egunen batean bateri jole bat behar bazuten, nire burua eskaini nuen.

Hortik hilabete batzuetara, Martinek deitu zidan, taldekideen artean hitz egin zutela, eta lokalera joateko gonbitea luzatu zidaten. Pare bat abesti ikasita joan nintzen bertara, ahal zen moduan jo nuen, eta hortik aurrera, taldekide bat gehiago izan nahiz. Bi urte egin ditut bertan, eta oso gustura nago egia esan.

 

Abestiak nork egiten ditu? Nola sortzen da inspirazioa?

Martin: Letrak orain arte, taldeko beste kide batek, eta nik egiten ditugu. Letretan gu ibiltzen gara eta musikalki Beñatek ematen dio egurra.

Beñat: Nik doinua ateratzen dut,  base bat edukita, lokalera eramaten dut, eta denon artean forma ematen diogu, hori da guk izaten dugun funtzionamendua: letra, doinua eta gero gainerako detaileak, erritmoa edo dena delakoa.

Manex: Azkenean ez da aste betean lantzen duzun gauza bat, denbora kentzen dizu abestiak sortzeak. Buruan zerbait daukazu askotan, jotzen duzu, eta ez zaizu gustatzen. Guztiz aldatzen duzu egindako lana, eta askotan denbora asko igarotzen dugu abesti bakarra egiteko. Mila buelta ematen dizkiogu abestiari. Hala ere, esan beharra dut, gure taldearen kasuan, lehen ez zirela abestiak orain bezala lantzen. 

Beñat: Hori egia da, lehen ateratzen zen abesti horrekin aurrera gindoazen. Eta orain ez da horrela. Gu ez gara musikoak, artistak gara. Bakoitzak bere instrumentua jotzen ikasi du,  eta bata bestearengandik asko ikasi dugu batez ere.

Martin: Gainera gure artean kon­­plementatzen gara, bat musikoa­goa da, bestea sortzaileagoa...

 

The Bobby`seko taldekideak, Astigarragako kaleetan, Kronikarako elkarrizketan.

 

Dokumentala, noiz egongo da ikusgai? Dokumentala zer dela eta?

Beñat: Youtubera igoko dugu, eta fisikoan ere aterako dugu, jendeak eskura dezan. Urtarrilean ateratzeko asmoa daukagu, aurkezpen bat egin nahi dugu horretarako. Bertan eskaini nahi ditugu diskak, kamixetak...

Manex: Dokumentala, konfinamendutik dator, ezin zen ensaiatu, saiatu ginen baina ezinezkoa zen. Beraz proposatu genuen dokumental txukun bat egitea, geldirik gaudela aprobetxatuz eta hamar garren urteurrena aitzakia hartuz. Hor hasi ginen, deiak egiten, bilera ugari egin genituen, gidoi bat egin genuen...

Beñat: Eta gelditu ginen Danirekin (dokumentala egin diguna), konfinamendua amaituta eta harrituta gelditu zen. Aipatu zigun izugarrizko lana egin genuela, oso prestatua zegoela dena.

Manex: Dokumentalean sartu genituen 50 bat pertsona inguru, eta dena finkatuta entregatu genion Daniri. Eta dokumental honetan, gu ez gara protagonistak, gure ibilbidean lagundu gaituzten guzti horiek baizik. Esan bezala, ez genuen guk eduki nahi protagonismoa, eta horregatik, 10 urte hauetan ezagutu eta gurekin egon direnak azaltzea nahi genuen. Eta elkarrizketa asko egin genituen, hainbat talde, lagun...

Martin: Izan zen aitzakia polita, konfinamendua amaitu eta jendearekin elkartzeko, barre batzuk botatzeko, eta bizitakoaz deskonektatzeko.

 

Zein da zuentzat, publikora heltzeko giltza?

Beñat: Guk lehen aipatu moduan, egin dugu beti gustatu zaiguna, eta ez dugu pentsatu besteengan. Lehenengo urteetan, kontzertuetara gure lagunak bakarrik joaten ziren. Aldiz azken diskoarekin, alde haundia egon da. Ezagutzen ez genuen jendeak abestiak zekizkiten.

Martin: Egia da azken diskoan  (Ispilura begira) lan dezente egin dugula. Ez helburu hori lortzeko, baina lana hor dago eta izan duen emaitzan ikusi da. Azken diskoa txukuna da, urte batzuk igaro ondoren ere entzun daitekeena behar bada.

Beñat: Diskoa atera aurretik maketa bat egin genuen, akatsak identifikatzeko... denbora gehiago dedikatu genion, eta Martinek esan moduan, diskoak izandako erantzunean nabari zen.

Martin: Diska hau ateratzeko ensaio asko eta asko egin genituen, besteetan ez genuen sekula horrenbeste ordu sartu ensaiatzen.

Manex: Izugarrizko aldea dago lehenengo lanetatik hirugarrenera. Gainera gero eta gehiago jo, gero eta sare haundiagoa egiten duzu, eta hori aberasgarria da, oso.

Martin: Eskertzen da ikustea jendearen erantzun positiboa; egiten duzu lan bat, gero jendeak gustuko duena, eta horrek asko betetzen zaitu.

 

Zein da bakoitzaren abesti gustukoena, jotzeko eta entzuteko?

Beñat: Ez dakit, nire ustez denek daukate zerbait berezia, niretzat behintzat.

Martin: Hori da, abesti bakoitzak zerbait ematen dizu.

Manex: Abesti guztiek esaten dizute zerbait, eta momentuaren arabera ere izaten da. Niri jotzeko Vida dura gustatzen zait. Entzuteko berriz, Ispilura begira. 

Beñat: Jotzeko onena beti izaten da, jendeari gustatzen zaiona. Azkenean abesti batekin jendea motibatzen bada, zu ere gora zatoz. Joko duzu abesti hori, eta badakizu adrenalinaz beteko zarela.

Martin: Niretzat, hoberena da, erraza izatea eta motibatzen duena. Azkenean zaila bada, kontzentratuago zaude ondo jotzen, eta erraza bada, jotzen duzu eta aldi berean, asko disfrutatu eta zeu ere, publikoarekin batera, motibatu.

Azkenean ez da berdina kotxean zoazela abesti bat entzutea, goizean edo gauean, astelehen batean edo larunbatean.

Manex: Gorputzak momentuan eskatzen dizunaren araberakoa dela esango nuke.

 

Bizi dugun osasun alarma egoera honetan, aurrera begira, zer daukazue pentsatuta?

Beñat: Guri ez zaigu hain gaizki etorri konfinamendua. Gu geldirik geunden, eta denbora hori dokumentalean inbertitu dugu, eta horrez gain abesti berriak egin ditugu.

Maritn: Ez dakigu noiz, baina beste disko bat ateratzeko intentzioa badugu, egoera hobetzean edo, baina oraingoz lantzen ari gara.

Manex: Oraingoz lasai gabiltza, datorrenaren zain.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!