Adostasunik gabe onartuta, 2021eko Udal Aurrekontuak

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 27a, 00:00

EH Bilduren botoekin onartu zuten, 2021eko Udal Aurrekontua.

Behin behineko onarpena eman zion Plenoak, asteartean, EH Bilduren aldeko botoekin, PSE-EEren abstentzioarekin, eta EAJ-PNVren kontrakoekin.

Asteartean bildu zen Astigarragako Udaleko Plenoa, ohiko de­ialdian eta udaletxean bertan, zenbait gai garrantzitsu eztabaidatzeko; eta horien artean, be­reziki nabarmena, 2021eko Udal Aurrekontuak. Behin behineko onarpena eman zieten,  erabateko adostasunik gabe: EH Bilduk bozkatu zuen alde, abstenitu egin zen PSE-EE, eta kontra bozkatu zuen EAJ-PNVk.

Xabier Urdangarin alkateak nabarmendu zuen, «oso zaila» dela aurrekontu egokiak prestatzea, egoera honetan; eta bere alderdikideak zoriondu zituen, 2021ekoek oso ondo erantzuten dietelako herriaren beharrei. Iaz baino %2 txikiagoa izango da aurrekontua: 9.516.363,79 euro.

EAJko Nerea Zusberrok azaldu zuen, ezezko botoaren arrazoia: «gure emendakin bakarra onartu da, PSE-EEk ere egin zuena, COVIDaren aurkako partida 60.000 eurotik 100.000 eurora haundituz. Gainerako ekarpenak ez dituzue lehentasunezkotzat jo. Baina gure ezezkoa, bereziki, izango da Garbitaniara 70.000 euro bideratu direlako. EH Bilduren txiringito bat da, eta aurrekontua zikintzen du».

Urdangarinek erantzun zu­en, «kudeatzeko modu ezberdi­nak» daudela, eta Garbitania ez dela «kapritxo bat; oso lan serioa egiten dute. Baina 9 milioi euroko aurrekontuan, Garbitania izatea zuen erabakiaren erdigunea, ez zaigu egokia iruditzen».

PSE-EEko Mikel Duranek, be­re aldetik, azaldu zuen abstenitu egingo zela, Udal Gobernuak emendakinetako bat txertatzeko egindako saiakeragatik.

2021eko Udal Aurrekontuei buruz, informazio gehiago argitaratuko du Kronikak, bihar.

 

Lau obra egiteko kontratazio espedienteak, onartuta

Aurrekontuez gain, lau obra egiteko kontratazio espedienteak ere onartu zituen Udalak, aste­artean. Horrela, Arrobitxuloko igogailuaren kasuan, adibidez, exekuzio proiektua eta kontratazio espedientea onartu zituzten aho batez. Zortzi hilabeteko iraupena izango dute obrek, ge­hienez ere; eta 1.229.490,81 eurokoa izango da aurrekontua. Udal eraikinak garbitzeko kontratazio espedientea ere onartu zuten, bi urteko iraupena izango duena, urtean 617.143 euroko aurrekontuarekin.

Txomiñene frontoiaren estalkia berritzeko obretan ere onartu dute kontratazio espedientea, 124.078,68 eurokoa. Egurrezko egitura eraberritu eta ur-bilketarako sistema konpondu eta berrituko dute, zehazki. Eta azkenik, onartu zuten bide publikoetan egin beharreko lanena: Bidebitarte eta Donostia ibilbideko zati batean, eta Txoritokieta ibilbidean, asfaltoa berrituko dute, eta zenbait hobekuntza lan egin. Horietarako, 212.262,37 eurokoa da aurrekontua.

 

Adierazpen bana, Euskeraren Egunari buruz, eta Saharari elkartasuna erakutsiz

Plenoan aho batez onartu ziren, bestalde, honakoak: Behemendi elkartea Astigarragako Udalaren berezko baliabide izendatzea; Bentak eta Perurena landa-eremuko ur-hornidurarako azpiegitura egiteko prestutasuna erakustea Añarberi, eta horretara diru partida bat bideratzea; eta bi adierazpen instituzional.

Euskeraren Egunari buruzkoa izan zen aurrenekoa, Eudelek aurkeztu eta hiru udal taldeek onartu zutena. Eta Mendebaldeko Saharako su-etenari buruzkoa bigarrena, Bozeramaile Batzordean hiru udal taldeek adostutakoa. Horrekin, «babesa eta elkartasuna» erakutsi nahi izan zioten Saharako herriari; eta zenbait eskaera luzatu zituzten: Gurutze Gorriaren Nazioarteko Batzordeari, Saharan gertatzen den guztiarengatik dituen erantzukizunak bere gain hartu ditzala; eta Espainiako Gobernuari, Saharan de iure ad­mi­nistratzen duen potentzia gisa, daukan erantzukizuna be­re gain hartu dezala.

 

Bi dirulaguntza merkatari eta ostalarientzat, COVID-19ari aurre egiteko

Tokiko Gobernu Batzordeko bilera ere izan zen asteartean, eta bertan onartu zituzten, esaterako, COVID-19ari aurre egiteko bi dirulaguntza. Aurrenekoa, ostalariei zuzendutakoa izango da, jarduera bertan behera utzi behar izan dutelako: 50.000 eurokoa da partida, eta 1.000 euroko dirulaguntzak banatuko dizkiete. Laster argitaratuko da deialdia, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Eta bigarrena, Astiko elkartearekin egindako hitzarmena da, saskien kanpaina burutzeko. Horren bitartez, Udalak 10.000 euroko dirulaguntza emango dio Astikori, kanpaina burutzeko. Horrela, ostalaritza eta merkataritza establezimenduek, txartelak banatuko dizkiete bezeroei, saskien zozketan parte hartzeko.

Negozio berriak martxan jartzeko dirulaguntzak ere onartu zituzten. Kasu honetan, Eingou ikasguneari, eta Mara-mara Tatoori. «Emakume ekintzailek osatutako negozioak direnez, gastuen 30etik %50era areagotu da diruz lagundutako zenbatekoa», azaldu dute. 4.000 eurokoa izango da dirulaguntza, bi kasuetan. Beste bi eskaera ere jaso ditu Udalak, eta laster emango dizkiete dirulaguntzak.

Eta azkenik, oposizio lehiaketa baten oinarriak onartu eta deialdia egitea erabaki du Tokiko Gobernu Batzordeak, Udaleko lanpostuen zerrendan hutsik dauden bi administrari lanpostu betetzeko, jabetzan: Kontuhartzailetza Sailekoa da  lanpostuetako bat, eta Hirigintza Sailekoa bestea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!