Hondakinen prebentziorako astea martxan da, abenduaren 1era arte

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 26a, 00:00
Erosketetan, hondakin ugari pilatzen dira, eta hau ekiditea da asmoa.

Aurtengoan ere, Europako Hondakinen Prebentziorako Asteak, dei egiten die Europako erakunde guztiei, ingurumenaren alde egiteko. Hori horrela, Astigarragako Udalak bat egin du ekimen honekin eta bi kanpaina antolatu ditu.

Europako Hondakinen Prebentzioaren Asteak, aurten ere dei egin die, Europako erakunde guztiei ingurumenaren alde egiteko. Hori horrela, Astigarragako Udalak, bat egin du ekimen honekin, eta bi kanpaina antolatu ditu. Alde batetik, herritarrei zuzenduriko kanpaina, eta bestetik, Astigarragako Herri Eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleei zuzendutakoa.

Hondakinen prebentziorako astearen helburua da, astebetez baliabide iraunkorrei eta hondakinen kudeaketari buruzko ekintzak sustatzea eta ezartzea: «prebentzioaren, birziklapenaren eta berrerabilpenaren gainekoak», besteak beste.

Herritarrei zuzendutako kanpaina

Kanpaina honen helburua da, erosketa ohituretan eragitea, «hondakinik sortu gabe erosketak egin daitezkeela ikustarazteko egindakoa» hain zuzen. Horretarako, herriko saltokietan erosketa jasangarria ahalbidetuko dituzten produktuen loteak zozketatuko dira.

Bezero batek, erosketa bat egiten duenean, «etxetik bere poltsa edota tupperra eraman, bildukirik gabeko produktuak hautatu eta dendariak zozketa batean parte hartzeko aukera emango dio».

Horrez gain, komertzio parte hartzaileek, «kutxatxo» bat jarriko dute mostradorean, eta bertan jasoko dituzte bezeroek betetako txartelak, hauen telefono eta izen deiturekin.

Behin astea amaituta, txartel bat, «aleatorioki» hautatu eta irabazleari deituko dio komertzioak berak sariak jasotzeko. Establezimendu bakoitzak sari bat emango du, plastikorik gabeko eramateko produktuez osatutako lote txiki bat.

Hainbat baldintza, parte hartzeko

Erositako produktuak eramateko plastikozko edota bestelako materialez egindako poltsarik ez eskatzea erosketa egiterakoan. Horrez gain, elikagaiak pisatzeko garaian plastikozko poltsarik ez erabiltzea, eta azkenik, etxetik ekarritako tupperra erabiliz, produktuak inolako bilgarririk gabe erostea,  hau da, «paperezko edo beste materialez osatutako bilgarririk gabe». Produktuaren izaeraren arabera, bilgarria nahitaez erabili behar bada, bezeroak etxera ahal den eta paper bilgarri gutxien eramatea da asmoa.

Herri Eskolako LHko haurrentzat, kanpaina

Ekimen honen bidez, haurrek eskolan egiten dituzten hamaiketakoen ohituretan eragin nahi da, eta ikusarazi plastikorik edota aluminiozko bilgarririk gabeko hamaiketakoak erabiliz, hondakin kantitate haundiak saihestu daitezkeela, azaldu du Astigarragako Udalak. Horretarako, LHko ikasleen artean hamaiketako jasangarriak ahalbidetuko dituzten argizarizko 660 oihal banatuko dira.

Astigarragako Herri Eskolako LHko ikasleei udaleko hondakin hezitzailek eta ingurumen teknikariak banatuko dizkiete, aipatutako argizarizko oihalak. Eta banaketa egiterakoan, ikasgelan hondakinen hierarkia eta hauen prebentzioa lantzeko probestuko da.

Gaiaren inguruko ondorengo ildoak ikasleei labur azalduko zaizkie: Prebentzioa zer den, «gure egunerokoan, hondakinik ez sortzeko ohiturak hartzea (eskolan, etxean, erosketak egitean, sukaldatzean, lagunekin jolasean, etab.). Kontzeptua ikasleek hobeto barneratzeko, ondorengo galdera planteatuko zaie: Zer egingo zenukete zuen egunerokoan hondakinik ez sortzeko?.

Horrez gain, hondakinak ez sortzeko zergatiak azalduko dira, «ingurumena zaintzeko eta etorkizun duin bat izateko. Klima aldaketaren garrantzia ere azpimarratuko zaie». Baliabide ez berriztagarriak, edota berriztagarriak, ez xahutzeko. Modu honetan, «energetikoki kostu gutxiago izango genuke, produktua sortu behar ez delako, kamioiek garraiatu behar ez dutelako, hondakinen tratamendurako pantetan eraldatu behar ez delako, etab.». Beraz ekonomikoki, ere merkeagoa dela azalduko zaiela jakinarazi du Astigarragako Udalak.

Azkenik, garapen bidean dauden herrialdeei «errespetua eta elkartasuna erakusten diegulako», hondakinen prebentziorako aste honekin, hain zuzen.

Zalantzetarako, kontaktuak

Hondakinen prebentziorako asteari buruzko zalantzaren bat izanez gero, edo informazio gehiago beharrez gero, Udaleko hondakin bulegoarekin jarri daiteke harremanetan. 900 10 28 30 eta  617 295 378 telefonoetara deituz, edo hondakinak@astigarraga.eus helbide elektronikora idatziz.

«Kanpaina honen helburua da erosketa ohituretan eragitea, besteak beste»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!