Pintaketa berriro, eraso matxisten aurkako seinalean

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 25a, 08:36

Herriko sarrerako errotondako seinalea, pintatuta. Argazkia: Astigarragako Udala

Hirugarren aldiz pintatu dute seinale horietako bat, Astigarragan; oraingoan, herriaren sarrerako errotondan dagoena. Pintaketa gaitzetsi dute udal talde guztiek, eta adierazpena adostu dute. Gaurko kontzentrazioan ere salatuko dute erasoa.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna baino bi egun lehenago, astelehenean, pintaketa egin zuten 'Astigarraga eraso matxisten aurka' dioten seinaleetako batean: herriaren sarrerako errotondan dagoena, Martuteneko aldetik iritsita. Ez da aurreneko aldia, gainera. Hirugarrenez pintatu dute seinale horietako bat.

Horren aurrean, Udalak berretsi du «horrelako ekintzak erabat gaitzetsi» egiten dituela: «Horrelako ekintza miserableek agerian uzten dute, lanean jarraitzeko beharra dagoela; are gehiago, adostasun sozial haundia dagoen mezu baten aurkako adierazpenak sortzen badira. Horrelakoek ez gaituzte ateraraziko, indarkeria matxistaren aurka egiten dugun bidetik». Udal talde guztiek, gaitzespen adierazpena onartu zuten atzo, Bozeramaile Batzordean: «berdintasunean eta aske bizi diren herritarren herria nahi dugu. Herritar guztientzat egiten dugu lan, eta berariazko berdintasun politiken bidez, gizarte parekide baten oinarriak lantzen jarraituko dugu gaur, bihar eta etzi», aldarrikatu du Udalak.

Era berean, gaur 12:00etan udaletxe aurrean egingo duten kontzentrazioan ere, emakumeenganako indarkeria ez ezik, seinalearen kontrako pintaketa ere salatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!