Etxebizitza

Babes publikoko 15 eta babes publiko tasatuko 18 etxebizitza esleituko dira

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 22a, 00:00

Eskabideak aurkezteko tasatuen kasuan abenduaren 4an amaituko da epea eta babes ofizialeko etxebizitzen kasuan abenduaren 9an.

Urumea-Berriko etxebizitzen promozioan eraikitzen ari diren azken bi blokeetan babes publikoko 15 etxebizitza eta babes publiko tasatuko 18 etxebizitza egingo dira. Etxebizitza horiek 2022ko urte hasieran entregatuko dira. Horiez gain, Astigarragako Udalak 3 etxebizitza jasoko ditu jabetzan etorkizunean alokairu sozialera bideratu ahal izateko.

Babes publikoko 33 etxebizitza horiek esleitzeko prozesua zabalik dago eskabideak egiteko epea. Oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira eta hasi da eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea egutegiko 15 egunekoa da, oinarriak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean zenbatzen hasita.

Babes publiko tasatuko 18 etxebizitzen kasuan eskabideak aurkezteko azken eguna, abenduaren 4a, 14:00etan.
Babes publikoko 15 etxebizitzetan eskabideak aurkezteko azken eguna abenduaren 9a, 14:00etan. 

Eskabideak Donostian, San Martin kalea, 47n, posta elektronikoz edo Udalean

Eskabideak Urumea Berriren bulegoan aurkeztu beharko dira (San Martin kalea 47, 20007 Donostia, Gipuzkoa); posta elektronikoaren bidez ere aurkez daitezke: vpoastigarraga@urumeaberri.com edo tasadasastigarraga@urumeaberri.com.
Horrez gain, eskabideak Astigarragako udaletxean ere aurkez daitezke. Ondoren, udaletxean aurkeztutako eskabideak Urumea Berriko bulegoetara bidaliko dira.

Lehentasuna astigartarrek

Parte hartzeko baldintza orokorrak honakoak dira, laburbilduta: Etxebizitzarik ez edukitzea. Aurreko bi urteetan beste etxebizitzarik ez izateko baldintza bete behar da. 

Baldintza ekonomikoak: Babes Ofizialeko Etxebizitzen kasuan, eskatzaileen diru sarrera haztatuak 12.000 euro eta 39.000 euro bitartekoak izan behar dute eta, tasatutakoen kasuan 25.000 euro eta 50.700 euro bitartekoak. Bestalde, lehentasun baldintzak ere finkatu dira, astigartarrek lehentasuna izan dezaten. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!