Bere jarduera eten behar izan zuten Hernaniko eta Astigarragako enpresa gehienek, pandemiaren aurreneko asteetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 21a, 00:00

Galtzaurreko bezeroi inkesta bat bidali diete elkartekoek, elkartearen gainean duten iritzia ezagutzeko.

Galtzaur, Astigarragako jubilatuen eta Pentsiodunen Udal Zentroa, Elkartearen gaineko hausnarketa-prozesuan murgilduta dago, eta asmoa da funtsezko bi puntu jorratzea: batetik, elkartearen egungo egoera aztertzea; eta bestetik, Galtzaurren etorkizuna hobetzeko proposamenak egitea.

Inkesta entregatzeko epea azaroaren 30era luzatu da

COVID-19ak sortu duen egungo egoera dela eta, eta bazkideek gaur egun elkartea nola hautematen duten jakiteko, inkesta bat bidali diete posta arruntez. Asmoa da ezagutzea «bezeroek elkartearen gainean duten iritzia». Herenegun jakinarazi zuten epea luzatu zela, eta, beraz, bazkideek azaroaren 30era arte izango dute inkestak bete eta bidaltzeko aukera. «Azpimarratu behar da haien ekarpenak oso garrantzitsuak direla Galtzaurren orainaldirako eta etorkizunerako, eta asko eskertzen dugula egindako ahalegina», aipatu dute elkartekoek.

Dagoeneko Galtzaurrek bidali die inkesta bezeroei, edozein arrazoirengatik jaso ez dutenek edo betetzeko laguntza behar dutenek ondorengo telefono zenbakira deitu dezaketela gehitu dute: 625 023 696. Bertara deituta argituko dizkiete zalantza guztiak.

Aurten saio ugari antolatu ditu elkarteak, Astigarragako Udalarekin elkarlanean. Martxoan, adibidez, Ehuntzen egitasmoan parte hartu zuen Galtzaurrek. Tailer horietan Do it yourself lorategiak egin zituzten, sexualitateaz aritu ziren eta sukaldaritza ikastaroa ere programatu zuten. Edonola ere, azken hori martxoaren 26an egitekoak ziren eta konfinamendua dela eta, bertan behera gelditu behar izan zuen.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!