Astigarragako Urumea-Berriko etxebizitzen promozioan eraikitzen ari diren bi blokeetan babes publikoko 15 etxebizitza eta babes publiko tasatuko 18 etxebizitza esleitzeko prozesuaren berri eman zuen Astigarragako Udalak, eta atzo ireki zen eskabideak aurkezteko epea. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu dira oinarriak, eta hauexek dira eskabideak aurkezteko azken egunak: etxebizitza tasatuen kasuan abenduaren 4an amaituko da epea eta babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, berriz, abenduaren 9an. Etxebizitza horiek 2 urte barru entregatuko dira, 2022an.
Udalak adierazi du astigartarrek izango dutela lehentasuna. Horrekin batera, parte hartzeko baldintza orokorrak hauexek dira: batetik, etxebizitzarik ez edukitzea; bestetik, Udaleko webgunean ikusgai dauden baldintza ekonomikoak betetzea.
Eskabideak non aurkeztu
Udalak jakinarazi duenez, eskabideak Urumea Berriren bulegoan aurkeztu beharko dira. San Martin kalean dago, Donostian. Hala ere, posta elektronikoz ere aurkeztu daitezke: vpoastigarraga@urumeaberri.com edo tasadasastigarraga@urumeaberri.com. Beste aukeretako bat da eskabideak Astigarragako udaletxean aurkeztea. Izan ere, udaletxean aurkeztutako eskabideak Urumea Berriko bulegoetara bidaliko dira.