«Garai honetan garrantzitsua da haurrak eta nerabeak eta haien familiak babestea»

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 19a, 00:00

Nerabeak ezin dute lehen bezala elkartu.

Haur eta nerabeen eskubideen eguna da bihar eta Astigarragako Gaztelekuak aldarrikapena egin du beraien eskubideen inguruan. COVID-19aren pandemiak sortutako krisiak eguneroko bizimoduaren formak aldatu egin ditu.

Haur eta nerabeen eskubideen nazioarteko eguna da bihar eta horren harira, Astigarragako GazteLekuak aldarrikapena egin du haur eta nerabeen eskubideen inguruan. 

COVID-19ak sortutako krisiak  gizarte-dinamikak errotik eraldatzea ekarri du, eguneroko bizimoduaren formak eta praktikak aldatu egin dituelarik: «konfinamenduak ezarri ditu,  maite ditugun pertsonen urruntzeak ekarri ditu eta hilabete batzuen buruan egoera zein izango den ez jakitearen ziurgabetasunak markatutako bizi-horizontera egokitu behar izan dugu. Nerabeen kasuan, bere bizitzako esparruak, hezkuntzatik hasi eta aisialdi eta soziabilitate praktikak birmoldatu arterainokoa izan da.  Aste gutxi batzuetan, milioika haurren eta nerabeen bizitzak izugarri aldatu dira, Koronabirusaren epidemia geldiaraztea helburu duen neurriak hartu behar izan direlako». 

Eskubideak galtzeko arriskua hainbat arlotan ematen da

Areagotu diren haur eta  nerabeeen eskubideak galtzeko  arriskua hainbat arlotan ematen da.  

«Jarduera ekonomikoak etetearekin  eta enplegua nabarmen murriztearekin zailtasun ekonomikoen  ondorioz, familien oinarrizko premiak asetzeko zailtasuna eta pobrezia areagotzen ari dira».

Babes gutxiago dago. «Familia-egituren ezegonkortasunak, presioa haunditzeak, estresak eta segurtasunik ezak areagotu egiten dute etxeko indarkeria eta abusua (sexuala) gertatzeko probabilitatea. Jazarpen zibernetikoa jasateko arriskua ere haunditzen ari da, haurrek eta nerabeek denbora gehiago ematen dutelako Interneten».

Eskola-itxierek eta urrutiko eskolatzeak (formatu digitalean) ikaskuntza-prozesua aldatzea dakarte, «eta haur eta nerabe guztiek ezin dute laguntza bera jaso formatu berri horretan eguneroko zereginak egiteko».

Haurrek eta nerabeek parte hartzeko eta esku hartzeko aukerak nabarmen murrizten dira, eta informazio gutxi dago haientzat lagunkoiak diren formatuetan.

Gero ere, aldarrikapenean ai­­pa­tzen denez, «haurren zaintza-zerbitzuak itxita daude eta familiaz kanpoko sareak ez dira modu egonkorrean funtzionatzen ari. Egoera bereziki zaila da gurasoek edo zaintzaileek osasun-sektorean edo larrialdi-zerbitzuetan lan egiten duten familientzat».

Hezkuntza-laguntza  eta laguntza-aukeretarako sarbidea «ez dago denentzat bermatuta. Integrazioa ere zailagoa da». 
Pandemia garai hauetan, «garrantzitsua da haurrak, nerabeak eta haien familiak ahalik eta gehien babestea».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!