Umorerako tartea gaur Erriberan, 'Ez dok ero' ikuskizunarekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 14a, 00:00

Arratsaldeko 19:00etan hasita, taula gainera igoko dira Patxo Telleria eta Mikel Martinez. Azkeneko sarrerak, ordubete lehenago jarriko dituzte salgai.

Umorerako tartea izango da gaur arratsaldean, Erribera kulturgunean, labetik atera berri den ikuskizun batekin: Ez dok ero antzezlana eskainiko dute Patxo Telleriak eta Mikel Martinezek. Bilbon estreinatu du ikuskizuna, aste honetan bertan, Tartean Teatroak; eta horren ondotik, Astigarraga izango da, bisitatuko duten aurreneko herria. Arratsaldeko 19:00etan izango da hori, eta emanaldirako sarrerak eskuratzeko, gaur arratsaldean izango da azkeneko aukera, ordubete lehenago, Erriberan. Helduen sarrerak 6 euro dira, eta haurrenak 3 euro.

Fikziozko istorio bat da Ez dok ero, baina errealitatean oinarritzen da. Bere buruaz barre egiten du bikote artistikoak, «ironia haundiz eta gupidarik gabe»; baina baita «gure gizarteaz, euskal kulturaz eta, nola ez, antzerkiaz ere».

Hain justu, Patxo eta Mikel oinarri hartuta, Mikelotek eta Pantxok osatutako bikote artistiko bat irudikatuko dute, desegin egin dena, beraien formula komikoa gastatuta zegoela eta. Belaunaldi berriek hartu dute beraien tokia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!