Deialdia zabaldu du Astigarragako Udalak, kirol arloko dirulaguntzak eskatzeko, 2020 urtean egin diren edo egingo diren egitasmo eta jardueretarako. Azaroaren 30era arte dago aukera, eta egun berean bukatuko da epea, berdintasun arloko dirulaguntzak eskatzeko ere.
Batean zein bestean, udaletxeko erregistroan aurkeztu behar dira eskaerak, edo telematikoki, uzt.gipuzkoa.eus web orrian, Astigarragako txokoan.
Kirol arloko dirulaguntzetan, 18.039,73 euroko partida gorde du Udalak, kirol ekintza zehatzetarako; 630 euroko partida, kirolariei laguntzeko; eta 2.200 eurokoa, kirol programetarako. Dirulaguntza jaso dezakete, beraz, Astigarragan kirol ekintzak antolatzen dituztenak; Astigarragako kirolariak; eta kirol proiektu, kanpaina eta programak burutzen dituzten irabazi asmorik gabeko Astigarragako elkarteak.
Berdintasun arloko dirulaguntzei dagokienez, berriz, diruz lagunduko dira Astigarragan emakumeen eta gizonen berdintasuna sustatzeko asmoz garatu diren programa, proiektu eta jarduerak. Pertsona fisikoek zein irabazi asmorik gabeko pertsona juridiko edota elkarteek eskatu ditzakete dirulaguntza horiek.