33 etxebizitza eskainiko dituzte, Urumea Berriko promozioan eraikitzen ari diren azkeneko bi blokeetan: babes ofizialekoak 15, eta babes publiko tasatukoak 18. Eta horiek esleitzeko prozesua, laster jarriko du martxan, Astigarragako Udalak.
Izan ere, etxebizitzak 2022an entregatuko diren arren, deialdiaren oinarriak onartu ditu Udalak, eta datozen egunetan argitaratuko ditu, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.
Deialdia argitaratzen denetik, 15 eguneko epea
Hortik aurrera, 15 eguneko epea izango dute herritarrek, eskaerak aurkezteko. Horretarako, hiru bide jarri dituzte aukeran. Batetik, Urumea Berriren bulegoan aurkeztu daitezke, Donostiako San Martin kaleko 47garren zenbakian. Bestela, posta elektronikoz egin daiteke, bi helbide hauetan: vpoastigarraga@urumeaberri.com, edo tasadasastigarraga@urumeaberri.com. Eta azkenik, Astigarragako udaletxean ere aurkeztu daitezke eskaerak. Hala eginez gero, Udalak berak bidaliko ditu eskaerak ondoren, Urumea Berriren bulegoetara.
Deialdia argitaratzen den egunetik, 15 egun naturaleko epea izango da, eskaerak aurkezteko, Urumea Berriren bulegoan edo Astigarragako udaletxean bertan.
Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu, eta hurrengo egunetik aurrera izango da 15 egun naturaleko epea, eta azkeneko eguneko 14:00etan bukatuko da. Azkeneko eguna jaieguna balitz, hurrengo egun baliodunean bukatuko litzateke. Edonola ere, deialdian bertan jakinaraziko dute, zein den azkeneko eguna.
Eskaerak aurkezteko eredua, eta deialdiaren oinarriak, Udalaren zein Urumea Berriren web orrietan jarriko dituzte; eta argibide gehiago behar izanez gero, 943 55 66 99 telefonora deitu daiteke, edo posta elektronikoz idatzi, aurrez aipatutako bi helbide elektronikoetara.
Astigarragan erroldatuta daudenek, lehentasuna
Gailur Residencial SL promotorearekin sinatu du hitzarmena Udalak, 33 etxebizitza horiek esleitzeko prozesuari hasiera emateko; eta bereziki, astigartarrek lehentasuna izan dezaten, prozesu horretan. Horretarako, lehentasun baldintzak finkatu dituzte, eta honakoek izango dute lehentasuna: oinarriak argitaratzeko unean Astigarragan erroldatuta daudenek (aurreko bi urteetan, etenik gabe); erroldatuta ez egon arren, aurretik etenik gabe gutxienez 10 urtez erroldatuta egon direnek, edo etenekin gutxienez 15 urtez; eta azkeneko bost urteetan hiru urtez Astigarragan lan egin, eta egun herrian lan kontratua indarrean duten pertsonek.
Lehentasuna izango dute Astigarragan erroldatuta daudenek, egon direnek, edota herrian lan egiten dutenek.
Edonola ere, deialdian parte hartzeko baldintza orokorrak ere zehaztu dituzte, Udalak eta promotorak. Horien artean dago etxebizitzarik ez edukitzearena, eta aurreko bi urteetan beste etxebizitzarik ez eduki izanarena. Eta baita baldintza ekonomikoak ere: babes ofizialeko etxebizitzen kasuan, eskatzaileen diru sarrerak izan beharko dira urtean 9.000 eta 39.000 euro bitartekoak; eta babes publiko tasatukoen kasuan, 39.000 eta 50.700 euro bitartekoak.
Baldintza orokor guztiak, eta horiei buruzko xehetasunak, deialdiko oinarrietan argitaratuko dituzte, GAOn.
Beste hiru etxebitza Udalak, etorkizunean alokairu sozialean esleitzeko
Era berean, Udalak jakinarazi du, 33 etxebizitza horietaz aparte, hiru etxebizitza jasoko dituela Udalak berak jabetzan, bi bloke berri horietan, etorkizunean alokairu sozialera bideratu ahal izateko.