Oscar sarietara bidean da La trinchera infinita, Jon Garaño astigartarrak Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagarekin batera zuzendutako filma. Beste pauso bat eman zuen atzo, Espainiako Zinema Akademiak aukeratu baitzuen estatuko ordezkari izateko. El hoyo eta O que arde pelikulak ziren beste bi hautagaiak, baina astigartarrarena aukeratu du akademiak. Horrela, La trinchera infinita izango da Espainiako zinemaren ordezkari, nazioarteko pelikula onenaren saria jasotzeko.
Orain, azkeneko pauso bat eman beharko du filmak, Oscar sarien lehian izateko: aurkeztu diren lan guztien artean, bost aukeratuko dituzte, sari hori jasotzeko hautagai.
Duela bost urte ere, Garañoren eta Goenagaren beste pelikula bat, Loreak, aukeratu zuen Espainiako Zinema Akademiak, 2016ko Oscar sarietarako; baina orduan ez zuten gainditu bost hautagaien artean sartzeko langa. Aukera berri bat izango du zinegile astigartarrak, oraingoan, zinearen munduko sariketa ezagunenean lehiatzeko.
Dagoeneko hainbat sari eskuratu ditu La trinchera infinita filmak. Besteak beste, bi Goya sari lortu ditu, Feroz eta Días de Cine sarietan ere jaso ditu sariak, eta Donostiako Zinemaldian eskuratu zituen lau, joan den urtean. Sari potoloenaren lehian egon nahi dute orain.