Internet bidez egingo dute, bihar arratsaldean, Emakumeen Etxea diseinatzeko azkeneko saioa

Kronika - Erredakzioa 2020ko aza. 4a, 00:00
Kultur etxe zaharrean egin dituzte aurreko bi saioak, Emakumeen Etxeari buruz.

Egungo osasun egoeragatik, erabaki dute ez izatea presentziala, hirugarren saio hori. Herriko emakume guztiek hartu ahal izango dute parte, 'zoom.us/AstigarragaEmakumeenEtxea' helbidean sartuta. 18:00etan hasiko da saioa.

Urriaren 8an jarri zuten martxan, Astigarragako Emakume­en Etxea diseinatzeko prozesua. Hiru saio prestatu zituzten horretarako, eta bihar izango da azkenekoa. Baina aurreko biak ez bezala, internet bidez egingo dute. Izan ere, egungo osasun egoeragatik, erabaki dute saio presentzialik ez egitea, oraingoan. Hori horrela, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara elkartuko dira online, ondorengo helbidean: zoom.us/AstigarragaEmakumeenEtxea. Norbaitek arazorik izango balu, harremanetan jarri daiteke Berdintasun teknikariarekin, 638 206 586 telefonora deituta (Leire).

 

Espazioaren antolaketa, kudeaketa eta sozializazioa, lantzeko gaiak

Urriaren 8an eta 22an egin zituzten aurreneko bi saioak, eta horietan hasi ziren lantzen, nolakoa behar zuen Astigarragako Emakumeen Etxeak. Biharkoan zehaztuko dituzte, eztabaidatu eta erabakitzeko dauden beste hainbat kontu. Besteak beste, honakoak, aurreratu dutenez: «nola antolatu nahi dugu espazioa? Zein izan daiteke etxea kudeatzeko modurik egokiena? Nola irudikatzen dugu etxearen sozializazioa?». Galdera horiei tiraka, jarriko diote errematea, Emakumeen Etxea diseinatzeko partehartze prozesuari, herriko emakumeek. Izan ere, emakume astigartar guztiei luzatu diete gonbitea eta deia, prozesuan eta biharko saioan parte hartzeko. Nahikoa da online bilerara konektatzea, horretarako.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!