Astigarragako Udalak, azken izapideak egin ondoren, jakinarazi du etxebizitza egokitu zaien pertsonek, laster jasoko dituztela etxebizitza horiek alokairuan.
Izan ere, pasa den ostegunean egin zen zozketa, Erribera Kulturguneko antzokian, arratsaldeko 19:00etan.
Zazpi dira Astigarragako Udalak Aiotzategi kaleko 4 eta 7 zenbakiko atarietan dituen etxebizitzak. Etxebizitza hauek, alokairu sozialean 7 urterako emateko prozesua amaitzeko zozketa egin zen, eta hemen ikusi daiteke zozketaren emaitza: https://labur.eus/LSj7E.
Hiru multzotan sailkatuta egin da zozketa, alde batetik, bi etxebizitza babes bereziko gizarte egoeran daudenentzat, eta bestetik, beste bi etxebizitza gazte eta «hiru kide edo gutxiagorako bizikidetza unitateentzat eta pertsonentzat». Eta azkenik, hiru etxebizitza, hiru kide edo gehiago dituzten bizikidetza unitateentzat.
Etxebizitza esleitzeaz gain, itxaron zerrenda
Astigarragako Udalak azaldu du, zozketan etxebizitzak esleitzeaz gain, itxaron zerrenda ere ezarri dela. Etxebizitza egokitu zaion eskatzaileren batek uko egiten badio edo «azken egiaztapenetan baldintzaren bat betetzen ez badu» itxaron zerrendara joko da.
Etxebizitzak prest daudela jakinarazi du Udalak. Azken hilabeteetan konponketa lanak eta margoketa lanak egin dira. Hori horrela, azken egiaztapenak egin eta alokairu kontratuak sinatu ondoren, azaroa amaieran, edo abendua hasieran emango zaizkiela onuradunei ere azpimarratu du.