Kontxa Etxeberria Fundazioa deseginda, ondasunak Udalari utziko dizkio patronatuak, baldintza batzuekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 31a, 00:00

Telematikoki egin zuen astearteko Plenoa, Astigarragako Udalak.

Donazioa eta eskatutako baldintzak onartzea erabaki zuen Astigarragako Udaleko Plenoak, asteartean. Bertan adostu zuten aho batez, baita ere, bere horretan mantentzea 2021erako zerga fiskalak, eta taxien tarifak. 

Telematikoa izan zen Astigarragako Udalaren Plenoa, joan den asteartean, azken asteotan pandemiak izan duen bilakaeraga­tik. Baina edonola ere, aurreikusita zeuden gai guztiak landu zituzten, eta baita denak onartu ere, aho batez.


Horrela, adostu zuten bere horretan mantentzea taxien ta­rifak, eta baita zerga fiskalak ere, gorabehera txiki batzuekin: kiroldegiko prezioak borobildu egingo dituzte, gora zein behera. «Zentzuzkoa» iruditu zitzaien «zergak izozteko» proposamena, EAJri eta PSE-EEri.


Zergak mantentzearekin batera, ostalaritzaren sektorean hobariak aplikatzea erabaki dute. Horrela, %100eko hobaria izango da terrazak jartzeko tasan, eta %90koa izango da, salmenta postu ibiltarientzat, betiere Astigarragan erroldatuta dauden pertsona fisikoen eta egoitza Astigarragan duten pertsona juridikoen kasuan.


Udaleko lanpostuen zerrendan eta plantilla organikoan aldaketa eta egokitzapenak egitea ere onartu zuten. Horietako batzuk, arau berrietara egokitzeko aldaketak dira. «Baina adibidez, tokiko garapeneko lanpostua txertatu dugu; eta diru kopuru bat gehitu dugu, diruzainari plus bat emateko, orain erretiroa hartu bitartean lanpostua hartuko duenari laguntzeko».

Uholden kontrako obretarako, proiektuari onarpena
Uholdeen arriskua gutxitzeko lanei buruz ere aritu ziren Plenoan, eta obra baten proiektuari eman zioten hasierako onarpena. Une honetan, Martutene parean ari da ibaia zabaltzeko obren bigarren fasea egiten URA agentzia, eta hirugarren fasean egingo dituzte Ergobiatik Akarregira bitarteko lanak.


Baina obra horrekin batera, lan gehigarri batzuk ere egingo ditu Udalak: hiri-drainatze sistema bat eraikiko du, Ergobian. Hirugarren fase hori ez da gauzatuko oraindik, «seguruenik AHTaren obrak bukatu arte», Xabier Urdangarin alkateak jakinarazi zuenez. Baina lanak aurreratu nahi izan dituzte, eta obra gehigarri horien proiektua idatzi dute dagoeneko. Hain justu, proiektu horri eman zioten hasierako onarpena, aho batez.

Kontxa Etxeberria Fundazioaren ondasunak, Astigarragako Udalarentzat
Plenoko gai nagusia izan zen, beharbada, Kontxa Etxeberria Fundazioaren desegitea. Urriaren 16an erabaki zuen hala egitea, fundazioaren patronatuak; eta bilera horretan bertan, adostu zuten bere ondasunak uztea Astigarragako Udalaren esku, hainbat baldintza jarrita.


Honakoak dira, hain justu, Udalak bete beharko dituen baldintzak: fundazioa desegin eta bere ondasunak eskualdatzeko gastu guztiak ordaintzea; Kontxa Etxeberriari eta fundazioari buruzko biografia bat idatzi eta argitaratzea; 15 urtez, urtero jasotzea aurrekontuan 40.000 euroko diru partida, behar haundienak dituzten Astigarragako familietako haur, gaztetxo eta gazteen heziketa integrala sustatzeko programa, zerbitzu eta laguntzetarako; hurrengo 15 urteetan, Udalari utzitako lurretan, sortu daitekeen gainbalioaren zati bat gehitzea aurreko ataleko partida horri; eta Udalak baldintza horiek beteko dituela egiaztatzea urtero, EAEko Fundazioen Babesletzari memoria bidalita.


1930ean sortu zuen fundazioa Kontxa Etxeberriak, herriko haur eta umezurtzei janztekoa, jatekoa eta eskola emateko. Ondoren sortu zuen, gaur egun kultur etxe zaharra den eraikina, eskola gisa. 1968ra arte izan zen eskola, eta bere lana oso garrantzitsua izan zen gerra aurretik zein ondoren, herriko haur behartsuenei laguntzeko.


1980ko hamarkadaren buka­eran, hitzarmena egin zuten Fun­dazioak eta Udalak, eraikina Udalak erabiltzeko. Eraberri­tu, eta kultur etxea izan da azken 30 urteotan.


Fundazioak, ordea, ez du jardunik izan azken 40 urteotan. Bere jatorrizko helburuak beteta daude, eta patronatuko kideek ez dute bideragarri ikusi, berriro martxan jartzea. Horregatik, aho batez erabaki zuten urriaren 16an, fundazioa desegitea. Joan den asteartean, baldintzak ontzat eman eta donazioa onartzea erabaki zuen Udaleko Plenoak, aho batez.


Fundazioaren iritziz, Udalarekin lortutako akordioa «onuragarria» da bi aldeentzat: «Udalak hartutako konpromisoen bidez, familia behartsuenetako haur eta gazteei arreta emateko programak eta zerbitzuak indartuko ditu Udalak, eta beraz, Fundazioaren helburuen espirituari eta fundatzailearen borondateari jarraipena emango zaie». Udalak, bere aldetik, nabarmendu du «oso garrantzitsua» dela lortutako akordioa, Udalarentzat eta herriarentzat: «hainbat agintalditan zehar irtenbiderik eman gabeko gai bat konpontzea lortu da, eta Astigarragarentzat lorpen haundia da kultur etxe zaharra eta inguruko lurrak Udalaren jabetzakoak izatea, etorkizunean herriak erabaki dezan eraikin horretan eta lur horietan zer egin». Eta era berean, «esker ona» adierazi nahi izan dio Fundazioari, bere lurrak eta eraikina 30 urtez erabili ahal izan dituelako herriak. Eta eskerrak eman dizkie patronatuko kideei ere, «egoera aztertu eta lortu den akordioa lantzeko egindako ahaleginagatik».

COVID-19ari aurre egiteko, bi dirulaguntza deialdi
Plenoaren aurretik, Tokiko Go­bernu Batzordeak ere egin zuen bilera; eta bi dirulaguntza deialdi onartu zituen, COVID-19ari aurre egiteko, merkatari eta ostalariei zuzenduta. 24.435 euro jaso ditu, batetik, pandemiaren ondorioz egindako inbertsioak diruz lagundu, eta beharrezkoak diren segurtasun eta babes neurriak bermatzeko. Aldundiak finantzatutako deialdia da, eta laster argitaratuko da Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.


Eta bestetik, deskontu bonuen bigarren fasea abiatuko du laster, azarorako eta abendurako. Bonuen %30 lagunduko du Udalak, eta oraingoan, establezimendu guztiek hartu dezakete parte. 30.000 euro bideratuko ditu Udalak, horretara.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!