Urte ezberdina bezain konplikatua izan da aurtengoa, txirrindularientzat ere. Erdi-erditik zatitu zien denboraldia pandemiak, eta lasterketa gutxiago izateaz gainera, lanak izan dituzte sasoia berreskuratzen, itxialditik bueltan. Horregatik zen oso zaila aurten, afizionatu mailako txirrindularien kasuan, profesionaletara saltoa emateko aukera izatea; eta horregatik dauka meritu haundiagoa, Xabier Mikel Azparren astigartarrarenak: Euskaltelen deia jaso, eta profesionaletan ariko da, datorren denboraldian: «sekulako poza hartu nuen. Afizionatu mailan dagoen txirrindulari batentzat, ametsa da Euskaltelera pasatzea, txikitatik buruan daukazun taldea delako», kontatu du.
Astigarragan ez, Alicanteko Calpe herrian zegoela jaso zuen Euskaltelen deia, berri ona konfirmatzeko: «Espainiako selekzioarekin nengoen han, eta kontzentrazioaren azkeneko egunean, kafea hartzen ari ginela deitu zidaten. Aurreko urtetik aritu naiz beraiekin hizketan, eta esan zidaten, gauzak ondo eginez gero, aukera emango zidatela. Baina egun hartan baieztatu zidaten, datorren denboraldian saltoa emango nuela, eta ofiziala egingo zutela nire fitxaketa», azaldu du.
«Ikasketak alde batera utzi, eta zentratuko naiz txirrindularitza profesionalaren errutinan»
Duela bi aste denboraldia bukatu, eta atsedenaldi laburretik bueltan da Azparren, une honetan: «15 egunez, ez dut batere entrenatu; oporretara joan naiz, eta lasai ibili naiz. Burua deskonektatzeko balio dute egun horiek, bizikleta ahazteko, pilak berritzeko eta berriro gogoz hartzeko bizikleta. Aste honetan hasi naiz berriro, pixkanaka», azaldu du.
Aldatu egingo da bere egunerokoa, aurrerantzean: «unibertsitatean lasaiago nenbilen dagoeneko, ikasgai gutxiago hartuta. Eta datorren urterako ez dut besterik hartu. Bizikletan zentratuko naiz orain. Txirrindularitza profesionalaren errutinan sartuko naiz. Goizean entrenatu, bizikletan, mendira joanda edo gimnasioan arituta; eta arratsaldean atseden hartu, bikotearekin edo lagunekin egon... Ikasketak, oraingoz alde batera utziko ditut. Bi urte eta erdi egin ditut garbi, dena gaindituta. Eta hori hor izango dut; ikasteketekin beti daukazu aukera berriro heltzeko. Baina bizikletak aukera bakarra ematen du, eta aprobetxatu egin nahi dut».
«Profesionaletan debutaria izanagatik ere, ez naiz inor baino gutxiago sentituko. Nire maila eman nahi dut hasieratik, eta ea egunen batean aurrean ibili naitekeen»
«Pena da lasterketa gehiago egin ez izana; disfrutatzen ari nintzen, nire maila onenean ari nintzela ikusita»
Bi asteko atsedenarekin, dagoeneko atzean utzi du «denboraldi arraroa». Gustura dago egindakoarekin, baina badauka pena ere, osorik lehiatu ezin izanagatik: «pena da lasterketa gehiago egin ez izana aurten. Sentitzen nuen nire maila onena ematen ari nintzela, eta horrela zaudenean, lasterketetan sufritu bai, baina disfrutatu ere egiten duzu, aldi berean. Zure burua aurrean ikustea, sekulako sentsazioa da», kontatu du.
Erdi-erditik banatu zuen afizionatu mailako txirrindularitza egutegia, COVID-19aren pandemiak; eta baita Azparrenen planak airean jarri ere: «asmoa neukan hasieratik ondo aritzeko, indartsu hasteko denboraldia; eta uste dut lortu nuela. Lehenengo lasterketetan aurreneko 10etan egon nintzen beti. Baina orduan etorri zen geldialdia, justu Aiztondo Klasika egitekoa zenean; eta gorriz markatua neukan lasterketa hori, helburu nagusietako bat zen niretzat, eta azkenean ezin izan genuen egin», azaldu du.
Itxialdian, aste pare batez deskonektatu zuen, eta martxan jarri zen berriro: «ondo bueltatu nintzen geldialditik, Zamorako Itzulian maila ona eman nuen. Baina gero, kosta egin zitzaidan Espainiako Txapelketetan. Ez dakit oso nekatuta iritsi ote nintzen, baina ez ziren atera nik espero bezala. Baina errekuperatu nintzen gero, eta ondo bukatu dut denboraldia, urte hasierako erritmoa berreskuratuta. Pena geratu zitzaidan Valenciaga Memorialean, garaipena hain gertu izan eta azkenean bosgarren egitea. Baina podiumean izan naiz beste bitan, aurrean ibili naiz berriro, eta Euskaltelekin kontratua lortzea izan da errematea. Denboraldi arraroa bezain ona izan da niretzat».
«Hasieratik erakutsi nahi dut nire burua, zergatik nagoen profesionaletan»
Astigartarrak emandako maila ona, «baloratu» egin du Euskaltelek. Konfiantza erakutsi dio taldeak, eta bereziki Jorge Azanzak, taldeko zuzendariak: «nire entrenatzailea da Jorge, harreman estua daukate berarekin, eta garrantzitsua da taldeak niregan jarri duen konfiantza. Oso motibatuta nago, gauzak ondo egin nahi ditut, eta gustatuko litzaidake hasieratik erakustea nire burua, zergatik nagoen profesionaletan».
Saltoa emateko prest ikusi du Euskaltelek, eta hala ikusten du bere burua, Azparrenek ere: «aurreko denboraldian, Espainiako erlojupeko txapelketa irabazi ondoren, galdetu zidaten ea ez ote nuen uste profesionaletara saltoa eman nezakeela. Baina orduan oraindik ez, ez nuen nire burua prest ikusten. Aurten bai, uste dut afizionatu mailan ikasi beharrekotik, ia dena barneratu dudala, eta prest nagoela. Taldeak behar duenari erantzuteko moduan nagoela uste dut, eta nire perfilagatik, iruditzen zait aurreneko egunetik egon naitekeela taldeari laguntzeko prest, gainera. Profesionaletan debutaria izanagatik ere, ez naiz inoiz baino gutxiago sentituko. Nire maila eman nahi dut, eta ea egunen batean aurrean ibili naitekeen», azaldu du.
«Ondo bukatu dut denboraldia, urte hasierako erritmoa berreskuratuta. Bi podium lortu, eta aurrean ibili naiz berriro. Euskaltelekin kontratua lortzea izan da errematea»
Ordekan lanean aritzea eta esprintak prestatzea, aurreneko urteko egitekoa
Taldearentzat «probetxuzko txirrindularia» izan nahi du astigartarrak, aurreneko egunetik: «ordekan lan egin, eta esprintak prestatzen arituko naiz taldeko txirrindulari azkarrenei. Eta hortik aurrera, urtean egun pare bat markatu, eta horietan lehiatzen saiatu nahiko nuke, taldeak askatasuna emanda; ihesaldian sartuta, edo faboritoekin aurrez aurre lehiatuta. Eta posible bada, saiatu nahiko nuke garaipen bat lortzen», dio. Gustatuko litzaioke bi lasterketa berezi egin ahal izatea: «Itzulian eta Donostiako Klasikoan parte hartu nahiko nuke, ea lortzen dudan taldearen zazpikoan egotea», adierazi du.
Profesional mailara salto egiteak, presio gehigarria ekarri ohi dio txirrindulariari; kategoriak jartzen diona, eta baita norberak bere buruari jarritakoa ere: «ona da presioa edukitzea, eta niri asko gustatzen zait presiopean lan egitea. Urtero daukazu zure postua jokoan, eta zure lanbidea da. Hemendik aurrera, ez da hobby bat bakarrik izango. Eta zentzu horretan, zorte haundia daukat; nire lanbidea izango da nire hobbya, hain justu. Entrenatzen disfrutatu egiten dut, niretzako ez da esfortzu bat hori egitea. Baina presio hori hortxe dago, eta ona da. Motibatu ere egiten du horrek, eta ez da zerbait negatiboa; alderantziz, presio hori ondo kudeatzeko gai bazara, zerbait positiboa izango da».
«Ez daukat presarik nire burua definitzeko, ziklista bezala»
Aurreneko urtean ordekako eta esprintetako lanetan aritu beharragatik ere, ez du espezialitate jakin batera mugatu nahi bere burua Xabier Mikel Azparrenek, oraingoz: «ez zait gustatzen nire burua sailkatu eta horretara mugatzea. Jendeak ikusten ninduen erlojupekoetarako eta ordekan ibiltzeko, baina erakutsi dut aldapa gora ere moldatzen naizela. Aurten, gainerakoen pare ibili naiz. Erlojupekoetan moldatzen naiz ondo, eta hori lantzen segiko dut. Baina aldapa gora ere, hobetzen jarraitzea gustatuko litzaidake. Beharbada, iritsi naiteke izatera astebeteko itzuliak lehiatzeko moduko txirrindularia, baina ez daukate presarik nire burua definitzeko, ziklista bezala».
«Erlojupekoak lantzen segiko dut, baina aldapa gora ere hobetzen jarraitu nahi dut. Iritsi naiteke izatera astebeteko itzuliak lehiatzeko txirrindulari bat»
Aurreneko ametsa beteko du datorren urtean, «maillot laranja hori janztea. Oso berezia izango da, horrek dakarren guztiarekin. Euskal zaleek sekulako berotasuna ematen dizute; hemengo txirrindulari bat zara bertako taldean, eta asko nabaritzen da», nabarmendu du.
Orain, amets gehiago ere baditu astigartarrak: «maila haundiko txirrindularia izatera iritsi nahiko nuke. Eta ametsak denok dauzkagu. Munduko Txapelketa bat irabaztea ikaragarria izango litzateke, Itzulia noizbait irabaztea ere bai... Klasiketan, egun bakarreko lasterketetan, aurrean ibiltzea ere gustatuko litzaidake. Egin ditut pare bat afizionatu mailan, garrantzitsuenetakoak; eta asko gustatu zaizkit. Lombardia, Milan-San Remo, Belgikako klasikak... Oso gustuko ditut, nahiz eta oso gogorrak diren. Astebeteko itzuliak eta klasikak gustatzen zaizkit asko. Hiru asteko itzuliak ere hor daude, baina horietan ez dut ikusten nire burua horrenbeste. Horrelako bat zer den ere ez dakit oraindik, hala ere. Baina nire gaitasunengatik, esango nuke klasiketan eta itzuli laburretan ibili naitekela ondoen».
«Etxetik datorkit zaletasuna; aitona ibili zen aurrena, afizionatu mailara arte»
Bere hobbya lanbide bilakatzea lortu du Xabier Mikel Azparrenek: «etxetik datorkit afizioa, txirrindularitzarako. Aitona ibili zen aurrena, afizionatu mailara arte. Ondoren, aitak ere bide beretik jarraitu zuen, eta oraindik ere asko ibiltzen da. Eta etxean beti ezagutu dudan kirola da». Ez zen berehalakoan hasi txirrindularitzan, dena den: «kirol asko probatu nituen aurretik; judoa, futbola, esku pelota, igeriketa... Baina bizikletarekin hasi nintzen gero, eta horrekin jarraitu nuen, gaur arte. Asko disfrutatzen dut bizikleta gainean, eta oso gustura egiten dudan kirola da», kontatu du.
Enekoitz Azparrenek ere jarraitu ditu etxeko pausoak, eta Xabier Mikelenak: «afizionatu mailara pasako da datorren urtean, eta nire taldean ariko da, Laboral Kutxan. Aldapa gora oso ondo moldatzen da, erakutsi du azken urteotan. Eta datorren denboraldian, kategorian aurreneko urtea izan arren, uste dut gauza politak egin ditzakeela».Ezaugarri ezberdineko ziklistak dira bi anaiak: «bera igotzaileagoa da, eta ni konpletoagoa».
Batek daki, noizbait profesionaletan elkartu ote daitezkeen: «ikaragarria litzateke biak Euskaltelen elkartzea noizbait, oso polita. Baina momentuz, profesionaletan mantentzeko lan egin behar dut nik. Iristea zaila bada, zailagoa da mantentzea».