Arrauna

«Sekulakoa izan zen Sevillakoa; imajinatu ere ez genuen egiten, irabazi genezakeenik»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 24a, 00:00
Ander eta June Balda, Astigarragako Bentetako parkean. Bertan bizi dira biak, ibaitik eta itsasotik urrun.

Bina domina eskuratu zituzten Ander eta June Balda astigartarrek, Espainiako Txapelketan; lautik hiru, urrezkoak. Ander arraunean pozik ikusita, probatu zuen Junek gero,  eta «oso oso gustura» dabiltza biak, banku mobilean.

Osteguna, goizeko seiak. Autobusa hartu, eta tropel majoa dijoa, 40-45 lagun, Sevillara bide­an. Ur Kirolak arraun taldekoak dira denak, eta tartean dira hainbat astigartar. Horietako bi, men­ditik gertu bizi direnak, Astigarragako Bentetan, ibaitik urrun, eta itsasotik are gehiago. Baina arrauna dute afizioa, «oso oso gustukoa» gainera, Ander eta June Balda anai-arrebek.

Eta gustukoa izan bakarrik ez, ederki moldatzen dira biak, banku mobilean. Espainiako Txapelketa zuten Sevillan, hain justu; eta bina dominarekin bueltatu ziren handik, lau egun gogor bezain ederren ondoren. Urrezko bi domina kolkoratu zituen Junek, kadete mailan, lauko banku mobilean: bai arraun bakarrarekin, eta baita birekin ere. Bietan, gainera, berarekin batera aritu zen Nahikari Artano astigartarra. Ander, berriz, banaka izan zen txapeldun, bigarrenari tarte haundia aterata; eta brontzezko domina kolkoratu zuen laukoan, bi arraunekin. Berak ere, beste astigartar bat, Unai Loyarte, izan zuen lagun laukoan.

«Ondo ibiltzea espero genu­en, baina hainbesteraino ez», onartu du Junek: «udaran etenaldia egiten dugu normalean, baina pandemiagatik, aurten ez dugu atsedenik hartu, lehiaketak beranduago izan direlako. Eta merezi genuen lan horren saria». Anderri, entrenatzaileak esan zion, estropada ona eginez gero, bazuela aukera nahiko aurrean ibiltzeko, eta dominaren bat eskuratzeko: «baina banaka hain ondo ibiltzea, ezta burutik pasa ere. Aurretik lan gogorra egin nuen, eta ondo atera zen dena. Ikaragarrizko sentsazioa izan zen. Imajinatu ere ez genuen egiten, irabazi genezakeenik. Sekulako poza hartu genuen», kontatu du berak.

Pandemiagatik, «dezente» aldatu dira estropadak

Ostegunean bertan iritsi ziren Sevillara, urriaren 8an, arratsaldeko 17:30ak aldera. «Hotelean gauzak utzi, materiala jaso, eta entrenamendu bat egin ge­nuen, bidaiaren ondoren giharrak askatzeko», azaldu du Junek. «Bidaia nekeza izaten da pixka bat, baina behin bertara iritsita, burua txapelketan daukazu. Hasi aurretik, beti daukazu urduritasuna, baina lehiatzen hastean lasaitzen zara», dio Anderrek.
Ostiralean egin  zituzten beste bi entrenamendu saio, «ibaia ezagutzeko»; eta larunbatean hasi ziren lehiatzen. «Modalitate batzuetan, kanporaketak jokatu genituen, eta beste batzuetan, aldiz, finala bakarrik jokatzen zen». Larunbatean izan ziren kanporaketak eta semifinal batzuk; eta igandean gainerako semifinalak, eta finalak. Azkeneko momenturaino aritu ziren lehiatzen biak, Ander eta June, eta igande eguerdian bertan abiatu ziren bueltan.

Pandemiaren eraginez, «dezente» aldatu da dena, estropadetan: «hasteko, maskarilla eraman beharra. Estropada eremura sartzeko, maskarilla jantzita eduki behar duzu, eta ezin duzu kendu lehiatzen hasi arte. Eta bukatu orduko, berriro jantzi behar duzu, arnasa berotuta zoazela oraindik», diote. Egunerokoan txertatuta dauzkate, baita ere, desinfekzio kontuak, eta tenperatura hartzearena.
Estropada eremura, gainera, arraunlari eta entrenatzaileak sartu zitezkeen bakarrik: «ikusleak, ibaiaren beste aldean zeuden, pasealekuan. Harmailak guretzat ziren bakarrik».  

Etenaldia orain, beranduago eta ohi baino laburragoa

Espainiako Txapelketa izaten da azkeneko estropada, denboraldi bakoitzean. Baina ekaina bukaeran egiten dute hori, eta ez, orain bezala, urrian: «irailean hasten dugu denboraldi berria normalean, eta orain, biak elkartu zaizkigu ia. Horregatik ari gara bi-hiru asteko atsedena egiten orain, eta berehala hasiko dugu denboraldi berria, azaroaren hasieran», azaldu dute: «oso ezberdina ari da izaten. Udaran gelditzen gara beti, eta aurten, aldiz, ia Gabonetan».

Banku mobilean aritzen di­ra biak, eta azaroaren bukaera aldera hasiko dute denboraldi berria. Neguan, dena den, ez di­tuzte estropada asko egiten. «Udaberrian izaten dira gehiago. Gipuzkoako Ligan, Orion jokatzen ditugu estropada gehie­nak; eta Euskadikoan, Legution ere aritzen gara».

«Urumea ibaian entrenatzeko, dena kurbak dira! Sevillakoa paradisua da horretarako!»

Entrenatu, berriz, ibaian egiten dute, Urumean gora eta behera: «taldeko lokaletik atera, eta Kur­saaleko zubiraino jaisten gara, eta Arantzazuko Ama ikastolaren pareraino igo. Baina dena kurbak dira! Ahal dugun moduan aritzen gara. Gainera, eguraldi txarra egiten duenean, olatuak ere izaten dira; marearen arabera korrontea gora eta behera ibiltzen da; azpiko harriekin ere kontuz ibili behar da... Sevillakoa bai paradisua, horretarako! Dena zuzen-zuzena, ez korronterik, ia beti eguzkia...», dio Anderrek.

Hainbeste kurbarekin, lepoa ere ondo entrenatuta daukate biek: «atzera begira joan behar dugu etengabe, 10 palada baino gutxiagotik behin. Lepoa ederki landuta daukagu! Retrobisorea jarri beharko diogu!», diote brometan. Baina ez lirateke aurrenekoak: «baten batek jarri izan dio, baina gehiago paseoan ibiltzen direnek. Lehiatzeko, ahalik eta pisu gehien kendu behar da. Atzera begiratzeko keinua, dagoeneko automatiko ateratzen zaigu», kontatu dute.

Bakarka da bereziki garrantzitsua, atzera begiratze hori, norberaren gain dijoalako dena. Eta horixe du nahiago Anderrek: «normalean bakarrik aritzen naiz, eta aukeratzekotan, horixe aukeratuko nuke. Ondo joanez gero, taldeka ere ederra da, baina banaka, edozer egiten duzula ere, badakizu zure kontua dela, onerako eta txarrerako». Laukoan, tarteka aritzen da bera, eta probatu ditu bestelakoak ere: «bikoan ere aritu izan naiz, eta aurten, asmoa daukagu zortzikoarekin aritzeko, behin edo behin. Baina hori ez da normalena, gutxitan ateratzen dugu. Zaila da zortzi arraunlari ondo moldatzea», azaldu du.

Junek, aldiz, txandakatu egiten ditu modalitateak, denbo­ral­diz denboraldi, kategoria aldaketagatik: «normalean ari­tzen garen taldean, urte ezberdinetakoak gara; eta beraz, kategoria berean tokatzen zaigu urte batean, eta ezberdinean hurrengoan. Horregatik, urte batean bakarka edo binaka aritzen naiz, eta bestean laukoan». Laukoan aritu da aurreko denboraldian, eta modalitate aldaketa izango du berrirako: «ez nuke jakingo aukeratzen, oso ezberdinak dira. Bakarka, dena dijoa zure gain, eta egun txarra edukiz gero, gaizki joaten zara etxera. Laukoan, aldiz, zuk egun txarra izanda ere, beste hiruek lagunduko dizute agian, eta ondo bukatu dezakezu eguna».

Frontoitik uretara salto, biek

Etxean duten ingurutik ez datorkie arraunerako afizioa, eta ezta gurasoen aldetik ere. Uretan baino, frontoian hasi ziren biak, gainera. Esku pelotan Ander, eta palan June. Horretan bai, bazuten erreferentzia etxean: «esku pelotan aritu zen aita gaztetan, eta oso ondo, gainera», diote.

Baina Anderrek bazuen arra sartua txikitatik, arraunerako: «beti gustatu izan zait arrauna, txikitatik. Estropadak ikusten nituen, eta baita arraunlariak ibaian ere. Erakarri egiten zidan horrek, eta azkenean, esku pelota utzi, eta arraunean hasi nintzen. Baina nik ez nekien zertan sartzen nintzen ere, banku mobila edo fijoa zer ziren... Arrauna gustatzen zitzaidala, eta horixe probatu nahi nuela. Banku mobilean hasi nintzen, eta gustatu egin zitzaidan. Pixkanaka hartu nuen teknika», kontatu du. Duela bost urte hasi zen arraunean, 12 urterekin, eta gaur arte ez da uretatik atera ia.

June Balda: «Palan aritzen nintzen ni, eta Ander arraunean hasi zenean, hain gustura zebilela ikusita, probatzeko gogoa sartu zitzaidan niri ere. Pala utzi, arraunean hasi, eta asko gustatu zitzaidan niri ere»



Eta anaia gustura zebilela ikusita, probatzeko gogoa sartu zitzaion Juneri ere. Pala alde batera utzi, eta uretara egin zuen salto, berak ere, anaiak baino urtebete beranduago. 10 urte zituen orduan. «Probatu, eta asko gustatu zitzaidan niri ere».

«Elkarrekin ez gara inoiz aritu, baina probatu beharko dugu. Biak etxekoak izanda, ondo moldatuko ote gara!»

Ordutik, «oso oso gustura» dabiltza biak banku mobilean, eta ez dute aldatzeko asmorik: «probatuko genuke trainerua agian, baina oraingoz ez daukagu buruan», diote. 17 eta 14 urterekin (15 beteko ditu Junek azaroan), «oso urruti» ikusten dute hori. 

Bi urteko adin tartearekin, ez dute kategoria berean koinziditzen biek, eta beraz, modalitate mixtoak dauden arren, ezin dute elkarrekin lehiatu. Baina lehiatik kanpo ere, ez dira inoiz aritu elkarrekin: «entrenatzen ere ez dugu elkarrekin egin arraunean. Baina probatu beharko dugu, ea zer moduz moldatzen garen. Biak etxekoak izanda, ondo moldatuko ote gara!».

«Oso gogorra da arrauna, astean bost edo sei egunez entrenatzen dugu»

Arraunaz esan ohi da askotan, kirol sakrifikatua dela. Eta traineruan ez ezik, hala gertatzen da banku mobilean ere: «oso gogorra da arrauna. Jubeniletan, astean sei egunez entrenatzen dugu; eta kadeteetan, bost egunez. Negu partean, bereziki, gogorra egiten da, eguraldi txarra izaten delako, eta ezin dugulako uretara atera. Ergometroan aritu behar dugu orduan, eta guk nahiago dugu uretara atera».
Uretako entrenamendu horiek, Urumean ez ezik, urrutiago ere egin izan dituzte, Frantziako Landetara jotzen baitute taldearekin, noizean behin. Eta urrutiago ere ibilitakoa da Ander.

Izan ere, Italian aritu zen joan den urtean, Gazteriaren Kopa deitzen duten txapelketan, Europa mailan. «Oso ondo aritu nintzen, oso gustura. Oraindik kadetea izan arren, jubeniletan aritu nintzen, eta bigarren egin nuen, poloniar baten atzetik».

Ander Balda: «Beti gustatu izan zait arrauna, txikitatik. Esku pelota utzi, eta arraunean hasi nintzen, baina nik ez nekien zertan sartzen nintzen ere, banku mobila edo fijoa zer ziren... Arrauna gustatzen zitzaidala, eta horixe probatu nahi nuela. Banku mobilean hasi nintzen eta, gustatu egin zitzaidan»



Aurten ere aritu da Europako Txapelketetan, Serbian, baina zortziko modalitatean lehiatu da oraingoan, Espainiako selekzioarekin; eta zazpigarren egin zuen. Espainiako Txapelketa baino bi aste lehenago izan zen hori, eta lanpetuta pasa zuen udara: «hiru hilabetez egon nintzen Galizian, selekzioarekin, Europako Txapelketa prestatzeko».

Garbi daukate anai-arrebek, arraunean jarraitu nahi dutela. Eta oraingoz, gustuko dutena egitearen plazerra bakarrik ez, emaitza ederrak ekarri dizkie biei; etxe ondoan dituzten mendien oso bestelako ingurunean arituta ere.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!