Autobus zerbitzuak, «ez ditu herritarren premiak asetzen»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 20a, 00:00

Astigarragako alkatea, herritarrekin bildu zen, egoerari buruz jarduteko.

Urriaren 5ean, autobus zerbitzuaren egoeraren berri emateko bilera egin zuen Udalak, astigartarrekin. Horrez gain, Foru Aldundiarekin izandako bileran azaldu ziren gaiak mahai gaineratu zituen Urdangarin alkateak. 

Azken hilabeteetan, Astigarragako Udalak, herritarren kexak jaso ditu, autobus zerbitzua dela eta, honakoak esaterako; «lekurik ez, aurreko geltokietara joatea, busen egoera txarra eta abar. Lanera eta ikastera joateko orduetan gorabehera ugari gertatzen dira eta herritarren ezinegona handia da». Hori horrela, Astigarragako Udalak, Lurraldebusera eta Foru Aldundira sarritan bideratu ditu, baina jakinarazi du egoera ez dela hobetu. 

Astigarragako A1 eta A2 bus zerbitzuen lineak, Buruntzaldeko bus zerbitzuen linean sartzen dira, eta hauen kudeaketa eta ardura, Foru Aldundiarena da. Aldiz zerbitzua eskaintzen duen  enpresa, lehiaketa bidez hautatzen dela jakinarazi du Udalak.  Eta honakoa gaineratu du «une honetan indarrean dagoen kontratua (emakida) duela 30 urtekoa da. Foru Aldundia duela bospasei urte Buruntzaldeko kontratua berritzeko lehiaketa egiten hasi zen. Emakida hori joan den uztailean esleitu zuen Foru Aldundiak. Horren ondotik, esleipenaren aurka errekurtso bat aurkeztu dute eta errekurtso hori ebazteko zain dago Foru Aldundia, emakida edo kontratu berria sinatu ahal izateko». 

Astigarragako Udalak, azalpenak eta eskaerak, Foru Aldundiari

Astigarragako Udalak, orain arte herritarrek helarazitako kexak kontuan hartuta, Foru Aldundiarekin izandako bileran hainbat azalpen eman zituen, eta eskaerak ere luzatu zituen. 

Udalak azaldu zuen, herritarren kexak ugariak zirela, hala nola, «kexa zerbitzua txarra delako, busen egoera tamalgarria, autobusak ordu batzuetan geratu ez, jendea geltokietan...» Gaineratu zuen gainera, Astigarraga 7.160 biztanleko herria dela, eta 2025ean, 8.000 biztanle inguru izango direla, «tamaina horretako herri batentzat gaur egungo zerbitzua ez da nahikoa» azalduz. Gainera, garraio publiko bakarra du Astigarragak, autobusa, hain zuzen. Eta azkenik azaldu zuen, kontzesio berriarekin murrizketak aurreikusi zirela Astigarragako zerbitzuetan. 

Astigarragako Udalak, aipatu moduan, herritarren eskaerak eta kexak kontutan hartuta, hainbat eskaera egin zizkion Foru Aldundiari, hala nola, errefortzuko zerbitzuak ziurtatzea eta behar diren errefortzu guztiak jartzea. Kontzesio berriak murrizketarik ez aplikatzea eta zerbitzuak indartzea. Autobusen egoera txarra konpontzea. A3 linearekin beste proba bat egitea.Beste aukera batzuk aztertzea: Andoain-Urnieta-Hernani-Ospitalak linean Astigarraga sartzea  eta Donostiako Martuteneko lineak Astigarragara luzatzea. 

Foru Aldundiak, eskaerei erantzun

Aldundiak, lehenik azaldu du, herritarrek zein Udalak aurkeztutako erreklamazio eta kexak, jasota eta erregistratuta dauzkatela. Horrez gain, honakoa azaldu zuen, «abuztua amaieran eta irailaren 15ean Martindegiko 7:10eko errefortzuko zerbitzua ez zen pasa eta horrek eragin zuen geltokian jendea geratzea. Errefortzuko zerbitzu horiek ez emateagatik Foru Aldundiak enpresari isunak jarri dizkio. Errefortzuko busek kale egin dute matxuratuta zeudelako. Egoera hori konponbidean da, baina baliteke beste egunen batean ere gertatzea».

Autobusak beteta joatearen kexari berriz, honako erantzuna eman dio Aldundiak, «pandemiaren eraginez, autobusetan aforo osoaren %80 erabiltzen ari dira. Une honetan, Foru Aldundiak erregistratuta dituen erabiltzaileen datuen arabera, %80ko horren %80-90 inguruan dabiltza gehien betetzen diren zerbitzu eta turnoetan. Jendea geltokian geratu da errefortzuko zerbitzuek kale egin dutenean, bestela ez». 

Beste hainbat eskaerei ere erantzun die Foru Aldundiak, eta Astigarragako Udalak berriz, hainbat ondorio atera ditu, erantzun hauek aztertuta. Beraz Udalaren ustetan «beharrezkoa da bizi dugun errealitatea erakustea eta agerian jartzea. Ikuspegi horretatik, herritarrei dei egiten diegu bus zerbitzuan gertatzen zaizkien gorabehera guztiak (kexak, erreklamazioak) Lurraldebusi eta Foru Aldundiko Mugikortasun eta Garraio Departamentuari jakinarazteko: garrantzitsua da erakustea eta jakinaraztea busen mantentze egoera kaskarra, goizero gertatzen zaiguna (bi edo hiru geltoki aurrerago joaten garela, autoa erabiltzea erabaki dugula, geltokian geratzen garela…)».

Udalak bere aldetik, jasotzen dituen edo ikusten dituen gorabeherak bideratuko dizkie Lurraldebusi eta Foru Aldundiari. Herritarrek, nahi izanez gero, Udalari bidal diezazkiokete kexa eta erreklamazioak udala@astigarraga.eus helbide elektronikora, behin hauek jasota, Udala arduratuko da Lurraldebusi bidaltzeaz.

 Azkenik, Astigarragako Udalak gaineratu du, garbi dagoela, zerbitzuaren eskaintzak ez dituela asetzen astigartarren premiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!