Udalak Osakidetzari lokala utzi dio, pandemiari aurre egiteko neurri gisa

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 19a, 00:00

Gripearen aurkako txertoak eta COVID-19 probak egiteko utzi dio Udalak Osakidetzari, Joseba Barandiaran plazako lokala. 

Udalak Osakidetzaren esku utzi du Gaztelekua izandako Joseba Barandiaran plazako lokala. Helburua  urte honetako gripearen aurkako txertaketak bertan egin eta astigartarren COVID-19 probak ere bertan egin ahal izatea da. Horretarako, Udalak hobetze lan batzuk burutu ditu esandako lokalean. Alde batetik, garbiketa eta desinfekzio lanak egin ziren, eta bestetik, margoketa lanak. Guztira, 3.350 euroko kostua izan dute lan horiek. Udalaren esanetan, «Osakidetza pozik agertu da lokalaren egoerarekin». Hori horrela,  joan den astean hasi ziren lokala erabiltzen.

Herri Eskolan ere hobekuntza lanak egin dituzte
COVID-19ak eragindako osasun egoera dela eta, Udalak Herri Eskolan ere zenbait hobekuntza lan eta ez-ohiko garbiketa lanak hartu ditu beregain. Ikasle eta irakasleek ahalik eta babes haundiena izan dezaten egindako lanak dira guztiak. Ikasturte honetan Herri Eskolan 43.485,42 euroko ez-ohiko gastua egitea aurreikusten du Udalak, COVID-19ak eragindako egoera dela eta.

Egindako lanei dagokienez, hainbat dira egin dituzten aldaketak. Eraikinean egunero 4 orduz ez-ohiko garbiketa bat egiten da; horrek ikasturte osoan izango duen kostua 24.930,84 eurokoa da. Bestalde, Haur Hezkuntzako bi geletatik zuzenean jolastokira sartu-irteteko ateak jarri dira. Horrek 10.783,52 euroko kostua izan du. Horretaz gain, jangelako zerbitzua era seguruagoan eskaintzeko gortinak jarri dira eta 4.483,07 euroko kostua izan du. 
Jolastokia ere margotu da,  sarrera ordua modu antolatuan egin ahal izateko. Lan horren kostua 1.887,60 eurokoa izan da. Eta azkenik, komunetako kaniletan detektagailuak jarri dira, eta 1.400,38 euroko kostua izan du lan horrek.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!