Guztira 8 saio izango dira, eta ostegunean izan zen lehenengoa Perurena auzoan. Aurten COVID-19aren ondorioz, saioak egiteko formatua moldatu egin da. Hori horrela, ez dira ohiko bilera irekiak izango, eta horren ordez, partehartze-puntuak jarriko dira leku irekietan. Moldaketa honek «distantziak mantentzea eta pilaketak ekiditea ahalbidetuko» duela adierazi du Udalak.
Aurrekontu parte-hartzaileetako saioak moldatu diren arren, helburuak bera izaten jarraitzen du: herritar eta auzotarrek udal gobernuko kideei eskaerak, kritikak, iritziak eta proposamenak helaraztea, hain zuzen ere. Horrekin batera, Udalaren asmoak ezagutu ahal izango dituzte interesa dutenek, eta horretarako deialdia egin du Udalak.
Saioen egunak eta lekuak
Datozen bi asteetan egingo dituzte saio guztiak, eta bilera egutegia honako hau izango da: bihar, Santiomendi Kaxkoan, auzoko postontzien aurrean, 18:30etatik 20:00etara bitartean. Etzi erdigunean, Joseba Barandiaran plazan, 12:00etatik 13:30etara. Asteazkenean, berriz, bi lekutan egingo dira saioak, ordutegi ezberdinean: Ergobiko plazatxoan, 12:00etatik 13:30etara bitartean, eta Erribera Kulturguneko atarian, 18:30etatik 20:00etara.
Urriaren 22an, osteguna, Santiomendi ekialdean, Ermaña aurrean, 18:30etatik 20:00etara izango da saioa. Azkenaurreko bilera Udaletxeko plazan izango da, urriaren 23an, ostirala, 16:00etatik 17:30etara bitartean. Eta azken saioa urriaren 26an egingo da, Oialumen, Auzobiltokiaren aurrean, 18:30etatik 20:00etara.
Azkenik, Udalak jakinarazi du saioetara bertaratu ezin duten herritarrek, ez dutela ekarpenak egiteko aukera galduko. Horregatik, aurrekontuetan parte-hartu nahi dutenek, Udalaren webgunera idatzita azaldu ditzakete beraien ideiak. Edo, bestela, zuzenean https://www.astigarraga.eus/eu/bidali-mezua estekan sartu eta iritzi, ekarpen, proposamen edo kexak idatzi daitezke. Horretarako, datu batzuk bete behar dira lehenik, eta iradokizuna idatzi daiteke ondoren.