Erotikan Plax!

Zu zeu izateko aukera

Kronika - Erredakzioa 2020ko urriaren 17a

Norberatasuna mehatxatua

Azken boladan, behar bada, emozionalki gora behera handiak bizi izan dituzu, tristura, haserrea, utzikeria, pena, indarra, ilusioa edota antsietatea edo mina edo guztien koktel bat.

Harremanetan zein maila pertsonalean kontentzio eta ziurgabetasunak markatzen ari dira gure jendartearen bizitza- ibilbideak.

 

Noraino daukazu azken aldian zu zeu izateko aukera? Egin dezagun errepasoa ikusteko zein puntutan zabiltzan indartsu eta zein ahulgune dituzun identifikatzeko.

 

Zure senari jator entzuteko aukera, zeure irizpideak jarraitzeko askatasuna eta pertsona bezala garatzeko posibilidadeak mugatuak izan badituzu, agian oharkabean txikiago sentituz joan zara. Duin sentitzen al zara alor guztietan? Familia, ikastegia, etxea, lana, lagunak, aisia, janzkera, ohiturak, sexu jokabideak eta adierazpenak...

 

Zure bizitza erotikoan, sexudun zarenez gero dituzun bizipenetan eta zure sare afektiboan duin sentitu nahiko duzu eta zu zeu zintzotasunez aritu. Kontraesanak dituzula onartu beharko duzu horretarako, zaurgarria zarela ere bai. Eta noski, ondokoak maitatu eta haiengandik maitatua izatea ezinbestekoa duzula onartu. Gai al zara hau guztia koherentziaz bizitzeko oraintxe?

 

Lasai komunikatzen al dituzu zure desioak? Ondokoei beharrezkoak dituzun mugak jartzeko gai ikusten al duzu zeure burua? Nola zaintzen zara  gorputza aske mugi dadin? Eta azken galdera bat, eta ez horregatik garrantzia gutxiagokoa: aske sentitzen al zara etorkizuna amesteko?

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!