Odola emateko hitzordua daukate gaur, astigartarrek

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 16a, 00:00
Anbulatorioan beharrean, Herri Eskolako aretoan egingo dute odol ematea.

Herri Eskolan egingo dute, 18:30etatik 20:30etara; eta ordua hartu behar da gaur goizean: 943 00 78 85.

Gaur izango dute odola emateko aukera astigartarrek, arratsaldeko 18:30etatik 20:30etara; eta  aurrekoetan bezala, Astigarragako Herri Eskolako aretoan egingo dute, pandemia dela eta.

Atzo bertan konfirmatu zuten gaurko hitzordua, eta odola ematera joan nahi dutenek, aldez aurretik deitu beharko dute, ordua hartzeko. Gaur goizean deitu behar dute, 943 00 78 85 telefonora, 08:30etatik 13:30etara.

Nabarmendu dute, «neurri bereziak hartzen» jarraitu behar dutela COVID-19ak eragindako egoeraren eraginez, «protokoloa betetzeko». Baina egoera honetan ere, «ezinbestekoa» dela odola, «bizitzak salbatzen jarraitzeko». Horregatik, astigartar guztiei luzatu diete deia, ordua hartu eta odola ematera gerturatzeko. Astigarragako Udalaren laguntzarekin egin dute gaurko deialdia, eta Gipuzkoako Odol Emaileen elkartearekin koordinatuta.

Ekainaren 17an egin zuten aurreko odol emate saioa Astigarragan, Herri Eskolan bertan eta neurri guztiak hartuta hori ere; eta orduan, 35 lagunek eman zuten odola. Gaur egingo dute urteko hirugarrena; printzipioz, aurtengo azkenekoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!