Astigarraga Aldizkariak webgunea zabaldu du, eta ikusgai dago jada

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 15a, 00:00

Dominio propioa du eta Udaleko webgunean ere izango da ikusgai. Edozein artikulu, egile nahiz gairen araberako bilaketak egiteko aukera du.

Herri mugimenduari eta herritar askoren ekarpenei esker, eta Astigar elkartearen jardunaren baitan, aspalditik zabaltzen da Astigarraga Aldizkaria herrian. Horren lekuko dira azken berrogei urteetan jasotako idatzizko ondare historiko eta kulturalaren emaitzak. Orain, horiek guztiak «herriari euskarri digitalean erakusteko eta eskaintzeko helburuarekin», aldizkariaren web­gu­nea sortu da. Proiektua  As­ti­garragako Udalak emandako la­guntzari esker osatu da. Hori horrela, Udalaren webgunean bertan ikus daiteke, edota Aldizkariak duen helbide propioan:   astigar.eus/aldizkaria.

Bost pertsonen lanak eramaten du aurrera Astigarraga Aldizkaria. Hasiera batean etxez etxe eta baserriz baserri zabaltzen zen Aldizkaria, eta ondoren etorri ziren saltokietako erakustokiak. Hemendik aurrera, berriz, urteroko paperezko aldizkaria eskuratzeko aukera izateaz gain, webgunearen bitartez ere ikusi eta irakurri ahal izango da, eta baita bertako edukiak eskuratu ere.

Edukiak ikusteko eta eskuratzeko urratsak

Bi izango dira webgunearen funtzio nagusiak. Bata, orain arte zabaldutako aldizkarien hemeroteka eta kontsulta eskaintzea, eta bestea, bertako edukiak partekatzeko aukera ematea. Lehenengoarekin orain arte bildutako ondarea herritarrei erakustea eta ezagutaraztea lortu nahi dute, eta baita erabilgarri izatea ere. Bigarrenarekin, aldiz, edozein artikulu, gai, argazki edo agiri jasotzen duenak horietatik abiatuta sortutako dokumentuaren edo lanaren berri jaso nahi dute, eta horri «dagokion balioa eman». Azken horretarako, gaien deskarga egiteko euskarriak jarri dira: formularioa eta kontaktua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!