'Gimnasia 65+' ikastaroa asteartean hasiko da, eta izena eman daiteke

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 14a, 00:00

Kiroldegiko gimnasia ikastaroko izenematea atzo zabaldu zen, eta ostirala da inskripzioa egiteko azken eguna, kiroldegian bertan.

Koronabirusa dela eta adineko pertsona asko geldirik egon dira martxotik. Hori dela eta, Astigarragako Udalak aste honetan ttipi-ttapa programa jarri du abian, eta urriaren 20an, kiroldegiko Gimnasia 65+ ikastaroari ekingo diote. Astean bi saio izango dira, baina hasiera batean behintzat, erabiltzaile bakoitzak soilik egun batean eman ahal izango du izena. Ondoren, bigarren egunean lekua soberan egongo balitz, aukera emango litzaieke erabiltzaile horiei, bigarren egunean parte hartzeko.

Bestalde, bizi dugun osasun egoera kontuan izanda eta ahalik eta pertsona kopuru haundienari parte hartzeko aukera emateko, zenbait egokitzapen egin dira ikastaro honetan. Hain justu, bi saio izango dira astean: astearte eta ostegunetan, goizeko 10:30etatik 11:00etara bitartean.  Saio bakoitzean 10 parte-hartzaile egongo dira gehienez, eta ikastaroko begiralea. Horretaz gain, osasun neurriak bermatzeko, saioak kanpoan egitea lehenetsiko da, aire librean. Eta maskarillaren erabilerari dagokionean, derrigorrezkoa da hau jantzita izatea saioa hasi baino lehen eta amaitu ondoren; hala ere, saioan zehar ez da beharrezkoa izango neurri hori betetzea.

Jarduerak 15 euroko tasa izango du, hiruhileko. Bigarren egunerako izen-ematea egiten dutenek, berriz, bi aldiz ordaindu beharko dute aurretik aipatutako tasa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!