Eragiyok abesbatza Donostiako San Inazio Elizan izango da, Antxon Sierra Oroituz zikloan

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 14a, 00:00
Eragiyok Abesbatzako kideak, Astigarragako udalaren atarian.

Etzi emango dute kontzertua Groseko San Inazio Elizan, arratsaldeko 20:00etatik aurrera. 2020a amaitu aurretik beste hiru emanaldi gehiago egingo dituzte, eta urtea Astigarragan borobilduko dute, Gabonetako kontzertuan.

Uztailean sare sozialetan emandako online kontzertuaren ondoren, eta irailaren 12an Erribera kulturgunearen inaugurazioan parte hartu eta gero, Eragiyok Abesbatza aurrez-aurreko emanaldietara itzuliko da. Ostiral honetan, urriaren 16an, 13garren Antxon Sierra Oroituz musika zikloaren barruan abestuko du, Mariaren Bihotza Abesbatzak antolatuta. Kontzertua Donostiako San Inazio elizan (Gros) izango da, arratsaldeko 20:00etan hasita.

Bi zatitan banatutako emanaldia izango da. Lehenengo zatian eliz-musikako eta euskal folkloreko piezak entzun ahal izango dira. Bigarren zatian Jose Maria Iparragirreri eskainitako tartea iritsiko da. Musikari eta kantari urretxuarraren jaiotzaren 200garren urteurrena ospatzen den honetan, bere bizitza eta kantuak gogora ekarriko dituzte Santestebandarrek (aitak eta semeak), Bastidak edota Garbizuk abesbatzarako eta bakarlarientzako egindako moldaketen bidez. Ohi bezala, Eneko Amundarainek zuzenduko du abesbatza eta, estreinakoz, Ignacio Arakistain pianoan arituko da.

Ekainean, zuzeneko emanal­dietara bueltatu aurretik, online saio berezia eskaini zuen abesbatzak. Kontzertua egin zuten, Simon eta Aritz Goikoetxea txalapartariekin, eta Txirriskla Txistulari Taldearekin. Astigarragako txoko ezberdinetan egin zuten grabaketa, herriari omenaldia egiteko asmotan, eta koronabirusak kolpatu zituen familiak oroitzeko helburuarekin.

 

Astigarragan egingo dute, urteko azken kontzertua

Ostiraleko kontzertu honen ostean hiru hitzordu gehiago izango ditu abesbatzak, urtea amaitu baino lehen: azaroaren 7an Pasai Donibanen Itsas Mendi Musika Taldeak antolatutako Musika Jardunaldiak-en; azaroaren 21ean Portugaleten Nazioarteko Otxoteen Topaketan; abenduaren 12an Astigarragan Gabonetako kontzertua izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!