Mundarroko bi talde nagusiek galdu

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 13a, 00:00

Mutilek TAKE-ren aurka 64-54 erori ziren eta neskek Eskoriatzan galdu zuten 59-34,  denboraldiko lehenengo partiduan. 

Saskibaloiak aste honetan ere ez ditu albiste onak ekarri emaitzei dagokionez. Astigarragako bi taldeek galdu egin zituzten euren partiduak, bai mutil seniorrek Tolosan eta baita nesken talde nagusiak Eskoriatzan. Biak lehenengo mailan daude Gipuzkoan. 

Neskek denboraldiko lehenengo partidua jokatu zuten Eskoriatzan. Aurreko astekoa bertan behera geratu ondoren,  lehenengo partidu ofiziala zuten Eskoriatzakoa. Emaitza ez zen izan hoberena, 59-34 galdu eta gero Debagoieneko taldearen aurka. Nabaritu zuten aurreneko norgehiagoka neska astigartarrek. 

Partiduan ez ziren ongi sartu eta lehenengo laurdenean 13-6 atzetik ziren. Bigarren laurdenean gauzak ez ziren hobetu eta 15-7ko partzialarekin 28-13 joan ziren aldageletara. 
Hirugarren laurdena izan zen onena astigartarrentzat eta desabantaila 34-23ra jaitsi zuten, 6-10, geratu eta gero. Azken hamar minutuetan indar gutxirekin 25 puntu gehiago jaso zituzten, eta azken aldea 25 puntutaraino joan zen, 59-34. Hurrengo astean etxean jokatuko dute aurreneko aldiz.

Mutilak ongi, baina ezin garaipena lortu
Mundarroko mutilek partidu zaila zuten Tolosan eta nahiz eta 64-54 galdu TAKE-ren aurka,  lehiakor aritu ziren. Bigarren laurdenak erabaki zuen partidua. Lehenengo laurdena berdindua izan zen, 14na, baina bigarrengoan ihes egin zuten etxekoek 32-20. Bigarren zatian parekatu egin zen, berriz ere, partidua, baina ez zen nahikoa izan urteko lehendabiziko garaipena lortzeko. Zain egon beharko dute. 

Bestetik, Hernanik ez zuen partidurik jokatu, Hernanin, Donostiako Dolphins-en aurka, nahiz eta iragarrita egon.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!