Emanaldi bereziarekin estreinatuko dute gaur, Erribera kulturguneko auditorioa: Iparragirre, bihotzeko Jose Mari ikuskizuna eskainiko dute bertan, iluntzeko 20:00etan, Tanttaka antzerki konpainiak, Demode Quartetek eta Loraldiak. Hiruen arteko koprodukzioa da, Jose Mari Iparragirre sortzaile urretxuarraren ekarpen musikala goraipatzeko, bere jaiotzaren 200garren urteurrena bete denean.
Iparragirreren bizitza kontatuko du emanaldiak, baina modu berezian. Izan ere, fikziozko eskutitzez osatuta dago, Urretxuko bardoarekin bizitza partekatu zuten emakumeenak: bere ama, emaztea, alabak, Parisen ezagutu zuen sopranoa... Eskutitzetan, aditzera emango dute nolakoa zen Iparragirre, eta ekarriko dute gogora Urretxuko bardoa. Eta gutunen testuekin batera, bertaratuek entzun ahal izango dituzte Iparragirreren kantak, moldaera berriekin.
Ainara Ortega eta Iñigo Legorburu hernaniarrak, partehartzaileen artean
Ikuskizuneko partehartzaileen artean, badira Urumea bailarakoak ere. Izan ere, taula gainera igoko da Ainara Ortega hernaniarra, Joli Pascualena eta Ane Gabarainekin batera, eskutitzak irakurri eta abestiak kantatzera. Anjel Unzu musikaria ere egongo da, haiekin.
Eta fikziozko eskutitzen testuak idazten aritu da, bestalde, Iñigo Legorburu hernaniarra, Aizpea Goenagarekin eta Arantxa Iturberekin batera, besteak beste. Fernando Bernues da ikuskizunaren zuzendari artistikoa, eta Demode Quartet arduratu da musikaz.
Sarrerak salgai, 6 euroan helduentzat, eta 3 euroan adin txikikoentzat
Emanaldia ikusteko sarrerak, salgai daude interneten, Astigarragako Udalaren web orrian (www.astigarraga.eus), Sarrerak erosi atalean. Mugikorrean erakutsi edo inprimatuta eraman daitezke horiek. Eta Erriberan bertan ere badago erosteko aukera, gaur 19:00etatik aurrera.
Helduen sarrerak 6 euroan daude salgai, eta adin txikikoenak, berriz, 3 euroan.