Duela hilabete inauguratu zen Astigarragako Erribera kulturgunea, arrakasta haundiz. Zapata zaharrak erantzi eta berriak jantzi zituzten astigartarrek, eta Erriberako ateak ireki zituzten irailaren 12an. Horrekin batera, kulturguneko logoa ere ikusgai geratu zen. Udalak logoak aurkezteko proposamena luzatu zien herritarrei, eta guztien artean, Noelia Lozanorena izan zen aukeratua. Donostiarra da bera, baina Astigarragan bizi da. «Ilusio handia egin zidan. Zalantzak izan nituen aurkezteko, baina azkenean nire ideia aurkeztea erabaki nuen eta zortea izan nuen. Gainera, hemen bertan bizi naiz, Erribera Kulturgunearen ondoan, eta egunero ikusiko dut logoa. Egia esan, normalean nire lanek ez dute denboran irauten, iragankorrak dira; eta kasu honetan hemen geratuko da, denek gozatu ahal izateko».
Lozano irudi sortzailea eta arte-zuzendaria da. Kazetaritza ikasi zuen Euskal Herriko Unibertsitatean, Leioako kanpusean. Gero telekomunikazioen modulu bat ikasi zuen, eta horretan aritu zen lanean, Irunen. Hala ere, dio, Leioan ikasten zegoela, kazetaritza hutsa baino, ikus-entzunezko ikasgaiak edota publizitate arlokoak gehiago gustatzen zitzaizkiola. «Orduan konturatu nintzen mundu hau gehiago gustatzen zitzaidala. Telekomunikazioen sektorean gustura ibili nintzen lanean, baina niri diseinu grafikoa gustatzen zitzaidan».
Hori horrela, lana utzi, aurrerapausoa eman eta diseinu grafikoaren gradua ikasteko hautua egin zuen. «Irunen lanean nengoela, arratsaldeak libre nituenez, nire denbora diseinu grafikoarekin zerikusia duten gauzak egiten ematen nuen, telekomunikazioarekin lotura dutena baino; argi nuen hori zela nire bidea eta horregatik hartu nuen lana uztearen erabakia».
«Pintzelarekin eta urez eginda egongo balitz bezala irudikatu nahi nuen logoa, eta garrantzia eman nahi nion eraikinari; izan ere, Astigarragan horrelako eraikin modernoa izateak atentzioa ematen du»

Martuteneko 27 Poligonoan du orain laneko bulegoa, baina «ahal bezain pronto» irekiko du Astigarragan estudioa, erosi berri duen lokalean. Handik hona ibiltzen da beti, proiektuak garatzen eta ideia berriak pentsatzen. «Mundu honetan lanean gabiltzanok ez dugu inoiz deskonektatzen, lo egiten dugunean izan ezik… eta batzuetan hori ere ez!».
Bere pasioa denak esfortzua, konstantzia eta konpromisoa eskatu dio beti, baina zoriontsu dago orain, «hau delako niri gustatzen zaidana. Maketazioa eta diseinua dira nire pasioak. Badut beste afiziorik, baina mundu honekin lotura dutenak dira gehienak eta pozik nago honetan».
«Nire lana ez zen gainerako agentzienarekin egokitzen»
Diseinu grafikoaren gradua amaitu ostean, praktikak Madrileko estudio batean egin zituen donostiarrak. «Orduan ikusi nuen nire lanerako ideia nahiko ondo egokitzen zela estudio hartan. 3D teknika eta paperekoa lantzen zituzten, eta oso gustura egon nintzen. Hala ere, bolumen txikia zuten, eta praktikak amaitu ondoren lanean egon banintzen ere, hori ere amaitu egin zen», kontatu du.
Lozanori lana eskuz eta paperean egitea gustatzen zaio. «Madrileko estudio horretan lana amaitu zitzaidanean, hiriko beste estudio eta agentzietan kuxkuxeatzen aritu nintzen, baina nire lanak ez ziren inon egokitzen. Beti esaten zidaten: ezin dugu norbait kontratatu soilik eskuz egindako lanak egiteko». Eta horregatik, pixkanaka, bere estudio propioa irekitzeko erabakia hartu zuen. «Ezetz esaten zidaten agentziei esaten nien banekiela, eskuz egindako lanez gain, beste estiloak lantzen eta bestelako lanak egiten; baina azkenean, freelance moduan lan egitea erabaki nuen».
Izan ere, donostiarrari gehien gustatzen zaiona da eskuz egindako lanak sortzea. Madrilen bizi zen momentu horretan ez zuen inon topatu bere sormena askatasunez lantzen utziko zion lekurik, eta apustu sendoa egin zuen 2013garren urtean, autonomo moduan hasi zenean. «Bezeroak agertzen joan ziren eta pixkanaka hasi nintzen honetan».
Hala ere, dio, hasi zenean ez zela erraza izan modu honetan lan egitea. «Konplikatua izan zen lan mundu honetan murgiltzea, eta esfortzu haundia eskatu zuen. Hasieran, beharragatik edo, bezeroek egiten zizkidaten eskaintza guztiak onartzen nituen. Asko ikasi dut sektoreko beste kideekin hitz egiten. Hasi nintzenean ez nekien bezeroek emandako aurrekontua egokia zen edo ez, eta beraiek lagundu egin zidaten, emandako erreferentziekin».
«Kanpora begira beti politena ikusten da, baina atzetik lan ordu asko daude»
Hiru dimentsiotan eginda dagoela ematen duten arren, lan gehienak eskuz egiten ditu Lozanok. Hori da, hain justu, bere bereizgarria. «3D teknika ere lantzen dut, baina nire estiloa lanak eskuz egitea da». Hala ere, noski, digitalak eta ordenagailuak badu kabida bere lan prozesuan. «Oso baliagarria da niretzat ordenagailuz lan egitea; esan dezaket nire lanaren %30a edo ordenagailuan egiten dudala, eta gainerakoa eskuz».
Bezero batek produktu bat egiteko eskatzen dionean, Lozanok ordenagailuz egiten du diseinua lehenik, eta ondoren, eskuz lantzen ditu pieza guztiak. «Denbora asko aurrezten dit, eta buruhausteak izatea ere galarazten dit, lana ordenagailuz egiteak. Izan ere, bezeroak zerbait moldatu nahi badu, ordenagailuan bertan egin dezaket, eta berriro erakutsi. Alderantziz, eskuz egingo banu hasieratik, pieza guztiak egin eta gero set-ean jarri eta argazkiak edo bideoa atera arte denbora asko galduko nuke. Gainera, ez nuke jakingo, sikiera, bezeroari lehenengo eskaintza hori gustatuko zaion ala ez; eta erakutsi ondoren zerbait moldatzeko eskatuko balidake, sekulako lana hartuko luke prozesu guztia berriro hasteak».
Hala ere, dio, proiektua ordenagailuz egiteak ere «baldintzatu» egiten duela bere lana. «Pantaila barruan egiten dudana izango da gero eskuz egingo dudana, eta hortaz, ordenagailuan nagoen bitartean uneoro pentsatzen dut set-ean nola geratuko den. Horren arabera egiten dut prozesu guztia». Eta horretaz gain, proiektuak ordenagailuan hasteak ez du esan nahi aurretiko lanak egon behar ez duenik. «Ikasi eta desikasi egiten da lan honetan, eta ordenagailuz marraztu eta diseinatzen hasi aurretik, lanketa haundia egon behar izan du eskuz egindako proiektuetan».
«Nire lan gehienak eskuz eginda daude. Ia beti kolore dezente dute nire diseinuak eta lanak 3D-en eginda daudela ematen du. Gaur egun, gainera, 'PaperCrush' teknika erabiltzeko joera dago, paperarekin lan egitea, alegia, eta modu honetan egiten dut lan»
Tipografia lantzen duten diseinatzaileekin egin du konparazioa: «Tipografia edo kaligrafia egiten duten pertsonek, ordenagailuan egin aurretik proba asko egin dituzte aurretik, eskuz. Ba gauza bera gertatzen da gure kasuan: probatu eta probatu egiten dugu paperean, eta gero digitalera ematen dugu saltoa».
Prozesua da bere lanak eskuz egitetik gehien gustatzen zaiona. «Jendeak esaten dit pazientzia haundia behar dudala honetarako, eta galdetzen didate ea zergatik ez dudan guztia ordenagailuz egiten. Baina nik esaten diet pazientzia ez dela ezer txarra; alderantziz, niretzat oso lasaigarria da hau egitea, eta normalean asko gustatzen zait. Esan dudan moduan, asko erlaxatzen nau». Hala ere, dio, garrantzitsua dela prozesua grabatzea. «Jendeak edo bezeroak lana nola egin denaren prozesua ikusten ez badu, zuzenean lanak 3D-an eginda daudela uste du, eta emaitzak balioa galtzen du». Horregatik, guztia dokumentatzea gustatzen zaio.
Eskuz eginda dagoena eta 3D teknika erabiliz ordenagailuz eginda dagoena ere nahasten du Lozanok, bere lan batzuetan. «Egiazkoa eta egiazkoa ez dena nahasten ditut, eta ilusio optikoa sortzea lortzen dut; ikusten duenak erronka hori izaten du, eta oso interesgarria suertatzen da. Zenbaitetan niri ere kosta egiten zait lan batzuetan eskuz eginda dagoena bereiztea, eta hori da nire lanekin bilatzen dudana».
Animazioa eta komikiak gustatu izan zaizkio, txikitatik
Donostiarrak ez du erreferentzia zehatzik bere lanean inspirazioa lortzeko, baina betidanik gustatu izan zaizkio komikiak eta animazioa. «Nire hamarkadan asko kontsumitzen genuen animazioa, eta beharbada hortik sortu da nire estiloa». Unibertsitatean zegoela ere, proiektuak egiteko paperarekin eskuz egindako lanak behar zirenean, Lozano zen horretaz arduratzen zena.
Gero, diseinu grafikoa ikasten hasi zenean, lanak paperarekin eta eskuz egiten zituen jendea ezagutu zuen, «eta horrek atentzioa eman zidan hasieratik». Orduantxe konturatu zen hori egiteko gai zela. «Gainera, garai hartan lanak modu horretan egiteko tendentzia haundia zuten diseinatzaileek; hori izan zen nire inspirazio foku nagusia, eta gaur egungo lanerako baliagarria izan dena».
«Eskuz egiten dut lana, berezitasunak dituelako eta emaitza ezberdina delako»
Bezero batek produktua egiteko eskatzen dionean, Lozanok erakusten dien aurreneko lana zirriborro modukoa izaten da, hiru dimentsiotan ordenagailuz egindakoa. «Saiatzen naiz emaitza finala zein izango den ez erakusten. Batzuetan gertatu izan zait bezeroari zirriborroa erakutsi eta esatea: horrela gustuko dute!a, eta lana egiteko estimatuta zeuden gainerako egunak ez ordaintzea. Aitortu beharra dut maila nazionalean gertatu izan zaidala hau gehienbat, eta hori ez dela bidezkoa uste dut».
Zirriborroak 3D teknikan egiten ditu, “ikusle edo bezeroei kosta egiten zaielako emaitza zein izango den argi ikustea”. Baina ondoren, lehenengo ideia onartuta duenean, eskuz egitearen prozesua hasten du. «Lortzen den emaitza guztiz ezberdina da: bolumena, proportzioak…». Konferentziak eta hitzaldiak ematen dituenean ere, Lozanori lan baten zirriborroa eta azken emaitza erakustea gustatzen zaio. «Alde haundia dago bien artean: argia modu ezberdinean sartzen da maketa barruan, xehetasunak askoz hobeto ikusten dira… gauza asko aldatzen dira».
Bestalde, Lozanok lanak eskuz egitearen arrazoiak hainbat dira. Batetik, gustuko du prozesua eta hori da bere lanetik gehien gustatzen zaiona. Baina bestalde, eskuz egindako lanen demanda areagotu egin omen da azken urteotan. «Eskuz egindako lanak eskatzen dituzte bezeroek, eta horregatik ere mantentzen dut diziplina hau. Markek prozesua ikustearen aldeko apustua egiten dutela ikusi dut; hau da, irudi batek edo kanpaina batek ibilbide luzeagoa izatea nahi dute, eta horren atzean dagoen istorioa kontatuz gero, horrek lagundu egingo du helburu horretan», azaldu du. Hori bera egiten du Lozanok bere lanetan ere, esan duen moduan, «denboran iraungarritasuna izateko».
Storytelling deitzen diote beraiek aurreko ideiari. Eskuz egindako lanak aukera ematen du kanpaina edo marka baten irudiak ibilbide luzeagoa izateko. Izan ere, prozesu guztia grabatuz gero, pausuak zeintzuk diren xehetasunez azaltzeko aukera izango dute.
Erlojupeko lana da, irudi sortzaileena
Bezeroek eskatutako produktuaren arabera, proiektua egiteko denbora ezberdina da diseinatzaileentzat. «Editorial baterako irudia bada, normalean bi aste ematen dizkidate, gehienez». Erlojupean egiten dute lana diseinatzaile grafikoek; izan ere, proiektu guztiak ezberdinak izaten dira, eta bakoitzak bere bereizgarritasuna izaten du. Hala ere, bere webgunean eskuragarri du bere lanak erakusten dituen aldizkari edo portfolio moduko bat, eta interesa duten bezeroek hortik hartu dezakete egin nahi dutenaren ideia. «Horrek askotan lagundu egiten du, baina xehetasun asko sar daitezke jokoan proiektu bakoitzean eta horregatik, larri ibiltzen gara denborarekin. Gainera, bezeroak zirriborroa onartzen ez badu lehenengo hiru egunetan, gero egun gutxi ditut maketa egiteko».
Gainera, banakako eskaerak izaten dira normalean. Hau da, bezeroek irudi bat, edo diseinu bakar bat eskatzen diote. «Lana asko azkartzen du bezeroak irudi bat baino gehiago egiteko eskatzen duenean». Aldizkari baten adibidea jarri du Lozanok: «portadako irudia egiteko enkargua egiten badidate eta ondoren, aldizkari barruko beste sei irudi egiteko ere eskatzen badidate, lana mekanikoagoa izango da, guztiek estilo bera jarraituko dutelako».
Proiektua «egonkorra» bada ere, «haunditu» egin nahi du
Egun, bera bakarrik ari da proiektuekin lanean. «Aurrekontu haundia dudanean proiektu haundiago baterako, beste langile autonomoak egoten dira nirekin lanean, baina oraingoz horrela moldatzen naiz. Etorkizun batean lan-taldea haunditzea gustatuko litzaidake, baina konturatzen naiz konplikatua dela». Arestian aipatu moduan, estudio txiki batean egiten du lan Lozanok; Martutenen beste 3 kideekin elkarbanatzen du lokala, baina Astigarragan bere propioa irekitzen duenean ere, «lokala txikia da eta zaila da beste pertsona bat hor sartzea» aitortu du.
Praktikariak kontratatzea ere gustatuko litzaioke. «Gustuko dut nire lana irakastea». Baina dio, hori ere «konplikatua» dela, gastu haundia delako bere kargu pertsona bat izatea. «Praktiketan egon naiz ni ere, beste jende asko bezala, eta badakit zer den ordu asko sartu eta diru gutxi kobratzea. Horregatik, ez dut hori egin nahi, nirekin praktiketan egongo den norbaitekin». Kontatu duenez, praktikak egiteko eskaera egin diete ikasle dezentek, «baina gehienak kanpotarrak izan dira, eta badakit gastua izango dela beraientzat Astigarraga edo Donostiara etortzea. Gainera, atentzio berezia eskaintzea gustatuko litzaidake, beraiek merezi duten formakuntza jasotzeko; eta asko gustatuko litzaidakeen arren, oraintxe ez dut denbora ez baliabiderik horretarako».
«Batzuetan ez da gure lana baloratzen»
Zaila izaten da batzuetan, norberak gustuko duen lana bere sorterrian topatzea. Hori da, hein batean, Lozanori gertatzen zaiona. «Hemen, Euskal Herrian edo Espainian, ez dago diseinu grafikoaren aldeko apustu sendorik. Esango nuke gure lana ez dela gehiegi baloratzen».
«Agian nik gehiegi bilatzen ez dudalako da, baina orokorrean, Euskal Herrian batez ere, sektore honetan ez dago lan bolumen haundirik». Estatu mailan, Bartzelonan edo Madrilen diseinu grafikoa lantzen duten enpresa eta agentzia asko daudela helarazi du Lozanok. “Hala ere, hemen finkatzeko erabakia hartu nuen nire mutila eta familiatik gertu egon nahi dudalako. Gainera, duela gutxi erosi genuen pisua Astigarragan, eta lanerako lokala ere erosi nuen; beraz, hau izango da nire lekua”.
«Nire lanekin erakusketa bat egitea gustatuko litzaidake. Hala ere, duela urte batzuk konturatu nintzen, honetatik bizi nahi badut, errentagarriagoa dela nire proiektuak garatzea eta webgunera igotzea»
Horrek ez du esan nahi, ordea, Lozanok bere lana espresuki hemen finkatuko duenik. Atzerrian lehiakortasun gehiago badago ere, «lan karga gehiena maila internazionalean dut». Interneta eta Sare Soziala atzerrian bere lana ezagutzera emateko «gakoa» izan direla dio, «eta ate asko ireki dizkit horrek, erakusleiho moduko bat delako», aitortu du. «Modu sinple batean esanda, uste dut ogibide hau dugunok Internet eta Sare Sozialei esker egiten dugula aurrera, gure lana horrela ezagutarazten dugulako, gehienbat».
«Gainera, Espainian edo Euskal Herrian, agentziek ez dute oso ondo ordaintzen guk egindakoa, eta hemendik kanpo, aldiz, lana hobeto baloratzen dutela uste dut». Horregatik, atzerrikoak dira Lozanok dituen bezero asko. Momentu honetan Estatu Batuetako proiektu batean ari da lanean, joan den ekainetik. «Gauza batzuk atera dira, baina lanean ari gara oraindik, eta oso pozik nago emaitzekin».