Udala

Astigarraga aldizkariak bere webgunea zabaldu du gaur eta bertan ere, ikusi daitezke edukiak

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 9a, 00:00
1982tik gaur arteko aldizkariak ikusi daitezke webgunean.

Herriari euskarri digitalean erakusteko eta eskaintzeko helburuz sortu berri da aldizkariaren webgunea. 'www.astigar.eus/aldizkaria' izango da domeinu propioa eta Astigarragako 
Udalaren webgunean ere izango da ikusgai.

Herri mugimenduari eta herritar askoren ekarpenei esker eta Astigar elkartearen jardunaren baitan, aspalditik zabaltzen da Astigarraga aldizkaria. Horren lekuko dira azken berrogei urteetan jasotako idatzizko ondare historiko eta kulturalaren emaitzak. Eta horiek guztiak herriari euskarri digitalean erakusteko eta eskaintzeko helburuz sortu berri da aldizkariaren webgunea.

Hasiera batean etxez etxe eta baserriz baserri zabaltzen zen aldizkaria. Ondoren etorri ziren
saltokietako erakustokiak. Hemendik aurrera, berriz, urteroko paperezko aldizkaria eskuratzeko aukera izateaz gain, webgunearen bitartez ere ikusi eta irakurri ahal izango da, baita bertako edukiak eskuratu ere.

Azken ia 40 urtetako edukiak aurkitu daitezke webgunean

Aldizkariaren webguneak bere egitura eta domeinu propioa izango du www.astigar.eus/aldizkaria gunearen baitan, eta Astigarragako Udalaren webgunean ere izango da ikusgai.

«Webgunearen hasierako menuan nor garen ikusi ahal izango duzu, eta gure bloga eta kontaktua ere eskura izango dituzu. Jarraian, edozein aldizkari aukeratuz, liburu gisa ikusteko eta irakurtzeko gune berezia izango duzu. Horren ondoan, 1982tik 2020ra arte artikulu eta gaien aurkibidea duzu ikusgai».

Beheko aldean, berriz, bilatzailea, edozein artikulu, egile nahiz gairen araberako bilaketak egiteko.

Bi izango dira webgunearen funtzio nagusiak, bata, orain arte zabaldutako aldizkarien hemeroteka eta kontsulta eskaintzea eta, bestea, bertako edukiak partekatzeko aukera ematea. «Lehenengoarekin lortu nahi duguna da orain arte bildutako ondarea herritarrei erakustea eta ezagutaraztea, baita erabilgarri izatea ere. Bigarrenarekin, aldiz, artikuluen eta gaien inguruko interesa dutenak bildu nahi ditugu».
Zehatzago esanda, edozein artikulu, gai, argazki edo agiri jasotzen duenak horietatik abiatuta sortutako dokumentuaren edo lanaren berri jaso nahi dute eta horri dagokion balioa eman. Azken horretarako, gaien deskarga egiteko euskarriak jarri dira: formularioa eta kontaktua.
Oraingoa ilusio handiz osatutako proiektu komunikatibo eta digital honen hasiera baino ez da. Izan ere, aurrera begira beste ekimen batzuei heltzekotan dira, eta hori, orain arte bezala, herritarrekin batera landuko dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!