Beraien artelanak entregatzeko zita gaur herritarrek, erakusketarako

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 7a, 00:00

Erriberako erakusketa aretoan jarriko dituzte, haur, gazte eta helduen artelanak.

Erriberan entregatu behar dira, 18:00etatik 19:30etara, datorren astean inauguratuko den erakusketarako.

«Astigartarren talentua ezagutzera» eman nahi du Udalak, eta horretarako, erakusketa jarriko du datorren astean, herritarrek egindako artelanekin. Haur, gazte eta heldu animatu dituzte, beraien lanak entregatu eta erakusketa herrikoi horretan parte hartzera.

Horretarako, hitzordu seinalatua dute gaur: lanak entregatu ahal izango dituzte Erribera kulturgune berrian, arratsaldeko 18:00etatik 19:30etara.

Jasotako lan guztiekin, erakusketa jarriko dute datorren astean, Erriberan bertan, erakusketa aretoan. Urriaren 13an jarriko dituzte lanak, eta hilaren 25era arte egongo dira.

Gaur entregatutako artelanak ez ezik, izango dira beste batzuk ere: herriko txikienek konfinamendu garaian egindakoak. Horiek jasotzeko, dagoeneko egin dituzte hiru bilketa, Udalak eta Herri Eskolak; eta erakusketa berean egongo dira ikusgai, bi aste horietan.

Erakusketa hori ez da izango, gainera, herritarrekin batera antolatu duten bakarra, urrian. Izan ere, hilaren 17an, datorren asteko larunbatean, artisau erakusketa herrikoia jarriko dute Andre Gobadarien ibai parkean, goizeko 11:00etatik 14:30etara, astigartarren postuekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!