Emakumeen Etxearen oinarriak «elkarrekin definitzeko», hiru saio

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 6a, 00:00
Emakumeon Plazan daukate orain txokoa, herriko emakumeek, biltzeko.

Emakume astigartarrei zuzenduta, hiru saio ireki egingo dituzte, Emakumeen Etxeak nolakoa izan behar duen erabakitzeko. Aurrenekoa, etzi.

Emakumeen Etxea izango du Astigarragak laster, baina etxe hori nolakoa izango den, herriko emakumeekin erabaki nahi dute aurrena; eta lan horri ekiteko, hiru saio ireki antolatu ditu Astigarragako Udaleko Berdintasun Sailak, Harituz elkartearekin eta Aztifemiak taldearekin elkarlanean.

Etzi izango da aurreneko sa­ioa, ostegunarekin, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara kultur etxe zaharreko areto nagusian. Emakume astigartar guztiei luzatu diete gonbitea, bertaratu eta parte hartzeko, «elkarrekin definitzeko» Emakumeen Etxea izango denaren oinarriak.

Aurreneko lan-saio horretan, gonbidatu bereziak ere izango dira, oinarri horiek jartzen laguntzeko: Zumaiako eta Azpeitiako Emakumeen Etxeetako kideak egongo dira bertan, beraien esperientzia aditzera emateko; eta mahai-ingurua egingo dute, bertaratuekin.

Hurrengo bi saioetan, berriz, orain arte landukoarekin, esperientzia horietatik jasotakoarekin, eta emakume astigartarren ekarpenekin, definituko dute Emakumeen Etxea: helburuak eta izaera, eskaini nahi diren zerbitzuak eta baliabideak, kokapena, kudeaketa eta funtzionamendu ereduak...

Urriaren 22an eta azaroaren 5ean izango dira bi saio horiek, ordu eta toki berean.

Aforoa mugatua, eta zaintza zerbitzua aukeran

Saioetan parte hartzeko, hori bai, mugatua izango da aforoa, eta 30 emakume egon ahal izango dira gehienez. Gainera, nahi duenak eskuragarri izango du zaintza zerbitzua, 48 ordu lehenago eskatuta: 943 50 57 01 telefonora deitu, edo idatzi berdintasuna@astigarraga.eus helbide elektronikora.

III. Berdintasun Planean da­go jasota Emakumeen Etxea za­baltzeko asmoa, eta legegintzaldi honetan martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen Astiga­rragako Udalak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!