Oinezkoari lehentasuna emango zaio Santio Zeharran

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 4a, 00:00

Kiroldegira, Herri Eskolara eta udaletxera doan bidea izanik «oinezkoek izan behar dute lehentasuna eta segurtasuna bermatu behar da».

Santio Zeharran linea elektrikoak eta telekomunikazioak lurperatzeko lanak egin ziren, eta zoladura berritzeko lanak egiteko garaian galtzadaren maila espaloien mailarekin berdindu da eta galtzada-harriak jarri dira, horrela, oinezkoek lehentasuna izateaz gain, bide osoa hartzeko aukera izango dute espaloitik ibiltzera mugatuta egon gabe.


Santio Zeharreko aldapan jende asko ibiltzen da, bereziki eskolako sarrera eta irteera orduetan: haur taldeak, gurasoak haur txikien paseatzeko aulkiekin... 
Kiroldegira, Herri Eskolara eta udaletxera doan bidea izanik, Udalak garbi ikusten du «oinezkoek izan behar dutela lehentasuna eta segurtasuna bermatu behar zaiela. Egindako asfaltatze lanarekin, elkarbizikidetzarako bide bilakatu da, non oinezkoek izango duten lehentasuna». 

Ibilgailuak gehienez, 20 kilometro orduko
Ibilgailuen zirkulazioa orain arte bezala mantenduko da, baina ibilgailuek oinezkoen lehentasuna errespetatu beharko dute eta abiadura baldintza horretara egokitu beharko dute, gehienez 20 kilometro/orduko abiaduran zirkulatu ahal izango dutelarik. Hori guztia arautzeko, seinaleak jarriko dira aurki, bai horizontala eta baita bertikala ere. 


Horietako seinale batek argia izango du eta arretaz ibili behar dela eta ibilgailuen abiadura 20 km/ordukoa dela adieraziko du. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!