Aurreko astean jokatu ziren, Tafallan, pistako txirrindularitzako Espainiako Txapelketak. Eta sari potoloena lortu zuen Telmo Semperenak, eliminazio proban, 23 urtez azpikoetan: txapeldun izan zen astigartarra.
Elite mailakoekin batera aritu ziren 23 urtez azpikoak, eta laugarren sailkatu zen bera, espezialista onenen artean, gazteen garaipena eskuratzeko.
Beste hiru astigartar ere izan ziren Tafallan, eta emaitza onak lortu zituzten, modalitate ezberdinetan. Xabier Mikel Azparren, esaterako, Semperenarekin batera aritu zen eliminazioan, 23 urtez azpikoetan seigarren bukatzeko (guztira 9garren). Eta elkarrekin aritu ziren scratch proban ere. Finalera sailkatu ziren biak: seigarren izan zen Azparren, 23 urtez azpikoetan; eta zazpigarren Semperena. Persekuzio proban, zazpigarren izan zen Azparren, finalean.
Juniorretan, berriz, hiru domina ekarri zituzten Enekoitz Azparrenek eta Jaime Romerok, taldekako probetan. Bigarren izan ziren biak taldekako persekuzioan, Kimetz Etxabe, Asier Pozo eta Haimar Etxeberriarekin batera (Azparren ez zen aritu finalean, baina bai sailkatze proban). Eta bigarren izan zen berriro Romero, taldekako abiadura proban, Etxeberriarekin eta Ibon Diazekin.
Bakarka, laugarren izan zen Azparren eliminazioan, eta bosgarren puntuazioan. Jaime Romero, bere aldetik, laugarren izan zen persekuzio proban, eta 14garren scratchean.
Gaur, errepidera bueltatuko dira txirrindulariak. Lazkaomendiko Proba izango dute juniorrek, 10:00etan; eta Zumaiako Saria kadeteek, 16:00etan.