«Gaztelekua kultur etxe zaharrean dago, eremu digitalean eta baita kalean ere, Gaztelekua nerabeak dauden lekuan egongo da»

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 3a, 00:00

Gaztelekuko kanpoko eremua ere «aprobetxatuko» du Gaztelekuak nerabeekin ekintzak egiteko.

Liburutegi izatetik, Gazteleku izatera igaro da kultur etxe zaharreko hirugarren solairua. Gaur izango da Gaztelekuko irekiera «ofiziala», eta ikasturte berrirako asmoak zeintzuk diren azaldu dute. 

Gaurkoan, motorrak berotuta dator Astigarragako Gaztelekua,  ateak irekitzen baititu «ofizialki». Gainera bi berezitasun berrirekin datoz, lehena kokapen berria da. Orain arte Gaztelekuko azpiegitura, Joseba Barandiaran plazan kokatzen zen,  baina leku aldaketa egin dute, eta kultur etxe zaharreko liburutegia zena, orain gazteentzako txokoa bilakatu da. Bigarren berezitasuna ere badago, Covid-19ak ezarri dituen neurriak eta protokoloak ezartzea, eta haietara egokitzea. «Horrek suposatuko dizkigu hainbat aldaketa eta  jokabide berriak barneratzen hastea». Hala ere, ohiko funtzionamenduarekin jarraitzeko asmoa du Astigarragako Gaztelekuak, «azkenean nahi dugu, egoera zaila izan harren, betiko Gaztelekua izatea, ez galtzea erritmo hori. Ahalik eta normalizazio gehienarekin eraman nahi dugu hau aurrera. Berritasunekin gatoz, hala nola kokapen berria eta neurri prebentiboak, baina ohiko funtzionamenduarekin edo ahalik eta modu normalizatuan jarraitu nahi dugu». 

Lehen liburutegia zena, orain gazteen lekua

Kultur etxe zaharreko liburutegia, Erribera kultur etxera igaro da, eta goiko solairua, Gaztelekuak hartu du. Bertan 54 lagun sartu daitezke, «hala ere, espazioa banatuta daukagu gune ezberdinetan, eta gune ezberdin hauek antolatzeko jarriko ditugu, txoko edo eremu bakoitzak dituen neurriak. Esaterako, Pin  Ponean jokatzen ari badira, jokatzen ari direnak bakarrik egongo dira eremu horretan , eta inguruan ez da inor egongo zutik. Adibidez, mahai jolasetan  lau mahai banatu ditugu, bakoitzean lau pertsona ibili daitezke, eta distantzia bat mantentzeko aukera daukagu espazio honetan.  Sofan ere, ez dugu zehaztu zenbatek, baina metro eta erdiko distantzia mantendu beharko dute gazteek. Aforo orokorra 54 pertsonentzako da, eta gune bakoitzari ezarriko dizkiogu behar dituen neurriak eta mugak». 
Gaztelekura sartu aurretik, tenperatura hartuko zaie gazteei, gelak erabiliko dira, «eta berezitasun bat jarri dugu, etortzen direnean, izena eta abizenak jarri beharko dituzte Gaztelekuko zerrendan, azkenean guk kontrol bat eraman behar dugu. Jakin behar dugu, nor egon den, noiz eta norekin egon den kontaktuan, egoerak hala behartu gaituelako». Leihoak irekiko dituzte Astigarragako Gaztelekuan bentilatzeko, eta erabiliko den materiala desinfektatu egingo da, «beste hainbat tokitan erabiltzen diren neurriak erabiliko ditugu». 

«Nerabeengana heltzeko,  sustapen digitala ere behar da» 

Berrogeialditik, zerbait positiboa atera du Astigarragako Gaztelekuak, «itxialdiak hausnarketa batera eraman gintuen, izan ere, konturatu gara, nerabeengana heltzeko, sustapen digitala behar dela, eta horrelako ekintzak hau da digitalki ematen diren ekintzak, Gaztelekuko programazioaren parte izango direla hemendik aurrera, eta guzti hori urteko plangintzan sartuta dago. Honela, ekimen desberdinak landu ahal izango ditugu, online zerbitzuari lehen ematen ez genion indarra emanez». 

Gaztelekuak, hiru agertoki finkatu ditu, bat izango da Gazteleku berriaren irekiera, «presentzia batekin, programazio batekin...», hala ere, noizean behin, online zerbitzua eskainiko dute «ez dugu hori ahaztu edo albo batera utzi nahi». Ekintzak kanpoan ere egingo dituzte, izan ere, «guretzako Gaztelekua, azpiegitura bezala hirugarren pisu hau dauka, baina kultur etxe zaharrak inguruan duena aprobetxatuko dugu, garrantzi haundia hartzen du guretzako inguruak. Nerabezaroan oso inportantea da kalea, kalean egotea, eta kaleko jendearekin harremantzea. Gu ere, nerabeak dauden lekura tokialdatuko gara, eta Gaztelekua ere». Beraz, Gaztelekua, kultur etxe zaharreko hirugarren solairuan egongo da, kalean eta eremu digitalean, nerabeak dauden eremuetan, hain zuzen. «Gainera, esan beharra dugu, ez dela COVID-19a dela eta izan. Izan ere, guk hausnarketa prozesu baten ondorioz jakin dugu Gaztelekua ez dela eremu soil bat. Hezitzaileak lekualdatu daitezke baloi batekin, kantxa batzuetara, eta egun horretako Gaztelekuko ekintza, kantxan izango da; eta Gaztelekua hor dago, nerabeak dauden eremuan, nerabeekin. Gaztea erdigunean egongo da beti».

Gehitzekoa da, Gaztelekuko lokalaz gain, beheko aretoa erabiltzeko aukera dutela gazteek. «Proiektorea dago, oso espazio haundia da, eta irekia; eta horrek ematen digu aukera, talde ezberdinak banatu eta batzuk aretora eramatea, beste batzuk hirugarren solairuan egongo dira... Malgutasuna ematen du horrek, egia esan».  

Gazteak «oso gogotsu datoz, aurrekoan, DBH 1 ekoekin elkartu ginen, azkenean, Gaztelekuko zerbitzua irekitzeaz gain, eremu berri bat irekiko dugu, eta gogotsu datozela uste dugu, hori transmititu ziguten behintzat». Espazio berria izanik, Gaztelekuak dio, nolabaiteko «intriga sortzen zaiela». 

Gaztelekuaren zerbitzua, heziketan oinarritutako esparru batean garatzen da, hori horrela, «guk ekintzak antolatzen ditugunean, helburu zehatzak dauzkagu, ez dugu zerbait antolatzen, antolatzeagatik. Behar batzuk eta interes batzuetatik oinarritzen gara, eta ikusten dugu, adin tarte honentzat hau egin dezakegu, edo honek hau behar du, beraz goazen bestea egitera. Beraz ez da soilik ekintzak antolatzea, antolatzeagatik, esan bezala helburu zehatz batzuekin antolatzen dugu dena». 

«Gazteak oso gogotsu datozela uste dugu, eta pozik gaude»

 

Asteartetik igandera, Astigarragako Gaztelekua irekita 
Esan bezala, gaur izango da Gaztelekuaren irekiera ofiziala, baina gaurtik aurrera asteartetik igandera egongo da zabalik, aurreko urteko ordutegi berdina mantenduz, «astearte, asteazken eta ostegunetan, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara egongo gara. Ostirala eta larunbata, arratsaldeko 16:30etatik 20:30etara, eta igandeak, 17:00etatik 20:00etara». 

Gaztelekuak, mezu bat helarazi nahi izan die gazteei, «animatu nahi ditugu denak parte hartzera, eta espero dugu normaltasunez eramatea egoera».  

Argitasun ugari du eta espazioz zabala da Astigarragako Gazteleku berria, horrek aforoan malgutasuna ematen du.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!