Asteartean egin zuen ikasturteko aurreneko Plenoa, Astigarragako Udalak; ohiko deialdia, baina zinegotzien konposizio bereziarekin, areto osoan zehar banatuta, distantziak mantentzeko. Izan zen eztabaidarik eta desadostasunik, baina edonola ere, aho batez onartu ziren puntu gehienak: mozioak ez, beste guztiak, hain justu.
Uztaileko Plenoaren akta onartuta, kreditu aldaketa baten berri eman zuen Xabier Urdangarin alkateak: 15.000 euro gehituko dira kultur etxeko garbiketaren partidara, energia elektrikoaren eta mantentze lanen partidatik kenduta.
Eztabaidarik gabe onartu zituzten hurrengo hiru gaiak. Batetik, Astigarraga Lantzen S.A. sozietate publikoak Udalarekin duen maileguari epemuga jartzea; bestetik, adinekoentzako Marisa Garaño tutoretzapeko apartamentuen udal araudiari hasierako onarpena ematea; eta azkenik, Excavaciones Astigarraga S.L. enpresaren errekurtsoa ez onartzea: Rofer-Buenaventura harrobiaren inguruan, enpresak eta Udalak duten hitzarmena bertan behera uztea erabaki zen uztaileko Plenoan, eta hori berraztertzea eskatu zuen enpresak, baina atzera bota du eskaera Plenoak.
Adierazpen instituzional bateratua aurkeztu zuten ondoren, hiru udal taldeek, Moriako errefuxiatuen kanpamenduan gertatutako sutearen aurrean, elkartasuna adierazi eta errefuxiatuak herrian hartzeko prestutasuna erakusteko; eta era berean, eskatzeko neurriak hartu ditzatela Espainiako Gobernuari eta Europar Batasunari, eta jarrera aktiboa izan dezatela Eusko Jaurlaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Azkeneko mozioetan, ordea, iritzi desberdintasuna izan zen. Aurrena, pobrezia desagerrarazteko nazioarteko egunaren inguruan, mozioa aurkeztu zuen EH Bilduk, horren aldeko konpromisoa erakutsiz eta Jaurlaritzaren eskuhartzea eskatuz. Eta beste mozio bat aurkeztu zuen EAJk ere, ez duelako konpartitzen EH Bilduk eskatzen duen «norabide aldaketa».
Mozio bana aurkeztu zuten bi alderdiek, COVID-19aren ondorioz Amerikako zenbait herrialdetan giza eskubideak urratzen ari direla salatzeko. Mundubat elkarteak idatzitako mozioa aurkeztu zituen EH Bilduk, Kolonbia, Guatemala, Honduras eta El Salvador aipatuz; eta Venezuela eta Nikaragua gehitu zituen EAJk. Bi herrialde horietan, «egoera ez da bera», EH Bilduren iritziz. Bi gaietan, bi alderdiek aurkeztutako mozioak babestu zituen PSE-EEk, baina EH Bildurenak bakarrik onartu ziren.