Euskaraldia

Euskaraldiko aurkezpen ekitaldia Erriberan, eta 'Txor Txor' bakarrizketa umoretsua, jarraian

Kronika - Erredakzioa 2020ko urr. 2a, 00:00

Beatriz Egizabalek eskainiko duen umoretik datorren bakarrizketa honek, euskararen erabileran eragitea du helburu.

Gaur arratsaldeko 20:00etan hasita, Euskaraldiaren aurkezpena eskainiko da, Astigarragako Erribera kulturgunean, eta jarraian, Beatriz Egizabalek bakarrizketa umoretsua taularatuko du. 

Astigarragako Euskaraldia aurkezteko ekimena egingo da gaurkoan, arratsaldeko 20:00etan hasita, Erribera kulturgunean.  Antolatzaileek jakinarazi dute, aurkezpenak «10 minutu» iraungo dituela. Behin aurkezpena amaituta, Beatriz Egizabalek bakarrizketa, eskainiko du, eta «40 bat minutu  iraungo ditu». 

Beatriz Egizabalen bakarrizketak, hainbat helburu 

Euskaraldia gizarteratzen jarraitzeko helburua du bakarrizketa honek, «batez ere, ahobizi eta belarriprest rolak eta hauek adierazten dituzten portaerak». Horrez gain, herritarrek ez ditzatela rolak gaitasunarekin lotu, «aritzeko moduarekin baizik, hau da jokaerarekin». Herritarrei bere hizkuntza ohiturei buruzko gogoeta ere eragin nahi da bakarrizketa honekin. Eta herritarrak kokatu nahi dira, hamabost egunetan gertatuko den horretan, «inertziak apurtzeko bide posibleak aurkeztuz». Herri batzordeei, udal eta elkarteei ekimena gizarteratzeko tresna berriak ere eman nahi dira. 

Txor Txor, sinopsia

«Txor txor... euskaraz aritzeko gogoa dut, zurekin/ zuekin, eta zuk nirekin/ gurekin? Berriketan, jolasean, umorez, serio... gauden lekuan gaudela. Izan ere, norbaitek noizbait oparitua, etxerik gehienetan da puzzleren bat, bere kaxan gordea, osatzen sekula hasi gabea. Eta puzzleak kaxan ez du zentzu haundirik. Egungo Euskal Herrian etxerik gehienetan da euskararekiko maila bateko edo besteko ezagutza. Baina euskarak ere, kaxan gorderik aukerak galtzen ditu. Dugun maila dugula, erabiltzea ederra da; aukera ezin hobea euskara ere puzleen modura osatzeko: ertzetatik hasi eta gunera ekarriz amaituta». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!