Astigartarren talentua ezagutzera, Erriberan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 30a, 00:00

Bi erakusketa antolatu dira eta lehenengoak, haur, gazte eta helduen artelanak izango ditu ikusgai urriaren 13tik 25era Erriberan

Covid-19ak eragindako alarma egoeran konfinamendua ezarri zenean, guztiak etxean egonda, haurrek euren talentu eta produktibitatea eskulan eta marrazkietan irudikatu zuten. Hori dela eta, garai zail horietatik ateratako artelanekin erakusketa bat antolatzea ideia ona izan zitekeela pentsatu zuten Astigarragako Udalak eta Herri Eskolak. Haurren lanak biltzeko hiru jasoketa egin dira dagoeneko. Oraingoan, aldiz, haratago joan nahi da eta haurren lanak ez ezik, gazte eta helduenak ere jaso nahi dira erakusketa berean jartzeko.
Erakusketa inauguratu berri den Erribera Kulturgunean eskainiko da. Izan ere, Udalak uste du herritarrek, Kulturguneko benetako protagonistak, euren artearekin inauguratu behar dutela erakusketa areto berria.

Artelanak jasoko dira urriaren 7an Erriberan

Haur, gazte eta helduen artelanak urriaren 7an, asteazkenean, jasoko dira Erriberan, 18:00etatik 19:00etara.

Hortik sei egunetara inauguratuko da lehenengo erakusketa Erribera Kulturguneko erakusketa aretoan eta urriaren 13tik 25era egongo dira artelanak ikusgai. 

Artisau erakusketa herrikoia urriaren 17an ikusgai, Andre Gobadarien parkean

Bestetik, bigarren erakusketa bat ere antolatu du Udalak. Bertan, herritarrek eskuz egindako edozein motatako produktu erakusteko aukera izango dute: artea, elikagaiak, bitxigintza….

Postua jartzeko interesa duten herritarrek aurrez izena eman behar dute, urriaren 5a baino lehen, kultura@astigarraga.eus helbidera idatziz. Erakusketa urriaren 17an egingo da 11:00etatik 14:30etara Andre Gobadarien parkean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!