Udala

Plax! bikote eta sexu aholkularitza zerbitzua aurkeztu eta abian jarri da Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2020ko ira. 30a, 00:00

Udaletxean aurkeztu zuten atzo Arremanitzeko Nerea Sanchok, Aintzane Barandiaran zinegotziak, Leire Goiburu berdintasuneko teknikariak eta Xabier Urdangarin alkateak. «Doakoa, konfidentziala eta profesionala da».

Garapen Jasangarrirako 2030 agendak, Genero Berdintasuna lortzeko zehazten duen 5.6 atalaren norabidean, Astigarragako Udalak, Plax! Sexu eta Bikote Aholkularitza Zerbitzua jarriko du urrian. Xabier Urdangarin alkateak atzoko aurkezpen ekitaldian azpimarratu zuenez. «Aurrez aurreko arreta profesional eta konfidentzial honek, Hernaniko Udalak 2015etik martxan duenaren ildoa jarraituko du. Astigarraga asko hazi da eta beharrezkoa du eta praktikoagoa izango da bertan zerbitzu hau izatea, Hernanira joan behar izatea baino». 

Gaineratu zuen, «sexu eta ugal osasun eta eskubideen sarbide unibertsalari begira, sexualitate eremuan informazioa eta arreta jasotzeko eskubidea bermatu nahi da. Azken finean zerbait garrantzitsua da, oinarrizko zerbitzu bat».

Horrela Aintzane Barandiaran Berdintasun zinegotziak adierazi zuenez, «Astigarragako gazte, heldu zein oso helduek euren bizitza afektiboetan, bikote zein sexualitate eremuetan topatzen dituzten erronkei aurre egiteko bidelaguntza formala jasotzeko zerbitzu espezifikoa eskuragarri izango dute. Osasun zentroen zerbitzu osagarria izango da, ezinbestean. Lehen mailako medikuntza zein ginekologiako arretarekin lotura garrantzitsua izango da. Herritarrei zerbitzua ezagutzera emateko hainbat komunikazio estrategia jarriko dira martxan, era berean (kartelak, etxez etxeko informazio banaketa...)».

Zintzilikailu batzuk banatuko dira eta bertan ikusi daitezke zer gai jorratu daitezkeen edo zer zerbitzu mota eskainiko diren. Banatuko den informazioan «hitzordua eskatzeko telefonoa agertzen da: 656 544 606 (hitzordua eskatu behar da), kultur-etxe zaharrean egongo da egoitza, Udaleko webgunean atal bat dago eta esan behar da zerbitzua doakoa, profesionala eta konfidentziala dela» gogorazi zuen Arremanitzeko Nerea Sanchok. 

Zerbitzuak sail desberdinekin elkarlanean aritzeko bokazioa du. Eta oso zabala da. Hilean behin erabili daiteke eta 50 minutuko iraupena du saioak.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!